Beste lau asteko greba deialdia egin dute aurrerapausorik ez dagoelako

Elizondoko Benito Menni zentroko langileek, Hermanas Hospitalarias Kongregazioak kudeatuta, azaroaren 7ra arte luzatuko den greba fase berri bati ekin diote. Deialdi honekin, 88 lanuzte pilatu dituzte lan gatazka hasi zenetik.
Duela ia urtebete, enpresak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, zentroko hiru eraikinetako bat itxi zuen, eta horrek osasun mentaleko zerbitzua okertzea, enpleguen galera eta lan baldintzen okertzea eragin ditu.
Geroztik, Hermanas Hospitalarias enpresako zuzendaritzak ez du onartu langileen ordezkariekin biltzea itxieraren ondorioei eta hitzarmenaren negoziazioan planteatutako aldarrikapenei aurre egiteko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ez du egoera konpontzeko neurririk hartu, eta itxitako eraikinerako erabilera berri bat adostu du enpresarekin, Gobernuak enpresarekin duen konplizitatearen erakuslea da hori.
Gobernuak monopolio eredua ezarri du osasun mentalaren arretan, kudeaketa Hermanas Hospitalarias Kongregazioari bakarrik ematen baitio. Politika horrek interes pribatuak lehenesten ditu zerbitzuaren kalitatearen eta lan eskubideen aurretik.
Langileek benetako negoziazioa eskatu dute itxieraren ondorioak lehengoratzeko, lan baldintzak hobetzeko eta eskualdean kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko. Gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen diote bere gain har dezala diru publikoz finantzatutako funtsezko zerbitzu baten kudeaketan duen erantzukizuna, eta jardun dezala inguruko prekarizazioa eta despopulazioa geldiarazteko.