Beti On telelaguntza-zerbitzu publikoko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, eta ez dute baztertzen greba mugagabea deitzea

Langileak ahalegin handia egiten ari dira gatazka kalean ikusarazteko, eta azken hilabete honetan mobilizazioak egin dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon, Ezkerraldean eta Eskumaldean. Joan den ekainaren 7an, Lehendakaria eta Tapia eta Bildarratz sailburuak Eskola Iraunkorren diplomak ematera joan zirela aprobetxatuz, beste kontzentrazio bat egin zuten Busturian.
Langileak indartsu daude eta datorren asterako deitutako greba egunekin jarraituko dute, greba mugagabe deitzea baztertu gabe, are gehiago atzo jakin ondoren Eusko Jaurlaritzak 25.600.000 €-tik gorako balioa duen zerbitzua lizitaziora atera duela datozen hiru urteetarako.
Zerbitzu horretan 260 pertsonak egiten dute lan, eta gaur egun Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak kudeatzen du. Enpresa pribatu horiek 41 milioi euro jasotzen dituzte diru publikotik, eta etekinak handitzen dituzte lan-baldintza kaskarren kontura. Bitartean, langileek beren lan-baldintzak sektore soziosanitariokoekin berdintzea eskatzen dute, besterik ez. Era berean, langile guztiei modu linealean ezarritako KPIren gutxieneko igoera aplikatzea eskatu dute, baita bizitza pertsonala eta lana uztartzeko neurriak ere.