BetiON Telelaguntza zerbitzu publikoko langileak uztaila osoan greba egingo dute hitzarmenaren alde

2022/06/30
Negoziazioa pasa den urteko azaroan hasi zen, eta orduz geroztik enpresak ez du aurrera egiteko benetako asmorik izan. Azkeneko aitzakia zerbitzua lehiaketara atera dela izan da. Hau guztiagatik, ELAk eta LABek deituta hilabete osoko greba egingo dute langileek.

Euskadiko telelaguntza zerbitzu publikoko langileak (BetiON) greban daude martxotik. Azken bilera ekainaren 29an izan zen enpresako ordezkariekin, eta negoziazioen egoera ikusita, LAB eta ELA sindikatuek hilabeteko greba deitu dute uztailaren 1etik aurrera.

Duela aste batzuk, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu horren lehiaketa publikoa ireki zuen, eta enpresak egoera hori baliatu nahi du hitzarmenik ezin dela sinatu esateko, nahiz eta aurrekontua egungoa baino 30 milioi euro handiagoa izan (41 milioi eurotik 71 milioira pasako da).

Enpresak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere bere gain hartu behar du bere erantzukizuna, diru publikoz sostengatzen den azpikontratatutako zerbitzu publikoa baita.