Subrogazioa eta soldata-igoera nabarmena izango dute Ortuellako kale-garbitzaileek

Bi astetan greban egon ondoren, ELA sindikatuak hitzarmena sinatu du enpresa zerbitzu-emailearekin (UTE Cespa-Asaser), Ortuellako kale-garbiketan, hiri-hondakinetan eta hilerrian diharduten langileen baldintzak jasotzeko. Hona hemen alderdi nagusiak:
* Aurrera-eragin mugagabea.
* Blindajea hitzarmena salbuestetik.
* Pertsonalaren subrogazioa.
* Malgutasuna %5era mugatzea.
* Aldi baterako ezintasunaren osagarriak %100.
* Soldata-igoerak %30 hitzarmenaren indarraldi osoan. Igoerarik handiena (%25 inguru) 2017. urtean izango da.
Halaber, ELAk, Ortuellako Udalak eta enpresa esleipen-hartzaileak akordio bat izenpetu dute. Horren arabera aurrerantzean zerbitzua esleitzeko baldintza-orri guztietan hitzarmen aplikagarria jasoko da, eta nahitaez bete beharrekoa izango da enpresa hartzaile guztientzat. Pertsonalaren subrogazioa ere berariaz agertu beharko da esleipenaren baldintza-orrietan.
ELAk zorionak ematen dizkio langileei beren enpleguaren eta lan-baldintzen duintasunaren alde egindako borrokagatik. Bide batez ELAk bultzatzen du administrazio publikoetan azpikontrataturiko pertsonala Ortuellako kale-garbiketako, hiri-hondakinen bilketako eta hilerriko langileek emandako ereduaren ildotik joatera. Horrelako adibideek erakusten digute borroka egiteak merezi duela.
ELAk gogoratzen du Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen eta izapidetze-bidean dagoen gizarte-klausulei buruzko LHE/ILParen helburua eta Ortuellako langileek lortu duten helburua berdinak direla: egonkortasuna enpleguan subrogazio-bermearen bidez, aplikazio-hitzarmenak baldintza duinekin, eta zigorrak aurrekoa betetzen ez duten enpresentzat. Ikusteko dago zein alderdi politiko agertzen den enpleguaren alde, administrazio publikoetako azpikontratetan lan egiten duten 55.000 lankideen enpleguaren alde.