Egrin Alimentación - Lodosa

Bi eguneko grebaren ondoren, Estatuko hitzarmenaren gainetik soldata % 19ra arte igotzeko akordioa lortu dute

Bi eguneko grebaren ondoren, Estatuko hitzarmenaren gainetik soldata % 19ra arte igotzeko akordioa lortu dute
Jarduera erabat geldiarazi zuen grebaren ondoren, soldata hobetzeaz gain, lanaldia murriztea eta baimenak hobetzea lortu dute. Akordioak nabarmen hobetzen ditu estatu mailako landare kontserben hitzarmenak jasotako baldintzak.

Joan den astean, Lodosako Egrin Alimentación enpresako langileek batzordearen eta zuzendaritzaren artean lortutako aurreakordioa berretsi zuten. Akordio hau, jarraipen masiboa izan zuten eta ekoizpena erabat geldiarazi zuten bi greba egunen ostean lortu dute.

Akordioak, 2027ra arte indarrean egongo denak, hobekuntza handiak dakartza lan baldintzetan. Horien artean nabarmentzekoak dira lanbide kategoriak eguneratzea, 1.050 euroko ordainketa bakarra egitea langile bakoitzari 2025ean, eta soldata igoerak %14ra eta %19ra artekoak izatea Landare Kontserben Estatuko Hitzarmenean ezarritako soldaten gainetik, 2. eta 1. mailako ofizialen kategorietarako, hurrenez hurren, 2026an. 2027an, soldatak sektoreko hitzarmena baino % 1,5 gehiago igoko dira.

Era berean, urteko lanaldia 20 ordu murriztea aurreikusten da (12 ordu 2026an eta 8 gehiago 2027an), soldataren % 100eko bermea lan istripuen kasuan (Estatuko hitzarmenean jasotzen ez duena), lehen mailako senideei asistentzia eta laguntza medikoa emateko ordaindutako baimenak hobetzea, gehienez 32 ordura arte, eta erretiro partziala txanda kontratu bidez baliatzeko bermea.

Plantillaren mobilizazioa erabakigarria izan da behin betiko akordioa lortzeko, hainbat hilabetez negoziatu ondoren. Langileen gehiengo zabalak berretsi zuen testua batzarrean.

Egrin Alimentacionek entsaladillak eta prestatutako beste plater batzuk egiten ditu, eta 55 langile inguru ditu. Ordezkaritza ELAko hiru ordezkarik, CCOOko batek eta UGTko beste batek osatzen dute. Langileen lan baldintzak Landare Kontserben Estatuko Hitzarmenak arautzen ditu.