ANFAS Navarra

Bi greba egun deitu dituzte hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2024/05/06
Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkarteak (ANFAS) 141 langile ditu (ELAk eta LABek ordezkatuta), eta, 700 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin, 1.700 pertsona baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoan arreta goiztiarreko, zahartzaroko, aisialdiko, terapiako, logopediako eta abarreko arloetan, eta Zangoza, Sarasate, Sarriguren eta Tafallako etxebizitzak kudeatzen ditu.

ANFASeko lan baldintzak prekarioak dira, partzialtasun asko, asteburuetan lana, lan karga handiak eta erantzukizun handiarekin. Soldatak 1.000 euro garbi ingurukoak dira lanbide kategoria jakin batzuetarako, hala nola aisialdiko begiraleentzat edo zaintzaileentzat jardinaldi osoan arituz gero, baino ia guztiek 4 edo 5 orduko jardunaldia dute astean, eta horrek hilean 100 edo 200 euroko soldata suposatzen du. Arreta espezifikotasun oso zorrotzak dituzten lanak dira, eta erabiltzaile motaren arabera espezializatutako profesionalak. Hain prekarioak diren lan baldintzek langileen mugimendu handia eragiten dute, lana ez baita behar bezela ordaintzen.

Hitzarmena negoziatzen bi urte baino gehiago eman ondoren, ANFASeko zuzendaritzak proposamen bera egin du azken bi bileretan, eta batzordearen iritziz, ez da nahikoa. Azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea da puntu kritikoa. Oinarrizko soldata da plantillaren sostengu nagusia, plusik ez dagoelako. Horregatik, soldatek gora egitea eskatzen dute, bizitza igotzen denaren arabera, plantilla urtez urte pobretu ez dadin.

Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. ANFASen egiten den zainketa lanaz gain, azpimarratu behar da 2020tik 2023ra ANFASen guztizko diru sarreren bi heren ordaindu dizkiola.

Egoera honen aurrean, ANFASeko langileek mobilizazio dinamika berri bati ekitea erabaki dute, eta greba deitu dute maiatzaren 8rako eta 11rako. Maiatzaren 8ko ekitaldi nagusia Nafarroako Gobernuaren parean izanen da (Karlos III.a Etorbidean) 12:00etan, eta 11n 18:00etan Iruñeko Udaletxe plazan. Hitzarmenaren edukiak aurrera egin ezean mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute.