Bi hilabete eta erdirainoko itxaron zerrendak izan arren, Osasunbideak ez ditu Covid kontingentearen 338 kontratu berrituko

2022/09/15
Osasunbidean egiten den inbertsio eskasa dela eta, langile eta baliabide gutxiegi egoteaz gain, gehiegizko behin behinekotasuna eta plantilla zaharkitua egiturazko arazo dira pandemiaren ondoren eta UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 7 urte igaro ostean.

ELAk salatu du itxaron zerrenden igoera Osasunbidean egindako inbertsio eskasaren ondorio dela. Urtean 400 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke osasunean Europako batez bestekoa berdintzeko. Honek baliabide material gutxiago eta langile gutxiago izatea dakar, baita plantilla zaharkitua eta lan baldintza zein behin behinekotasun onartezinak izatea. Ondorioz, itxarote zerrendak 2019ko abuztuan asistentzia espezializatuko lehen kontsultarako batez beste 49 egunetatik 2022ko abuztuan batez beste 76 egunetara igaro dira. Aldi horretan bertan, itxaroten zeuden pertsonak 40.402 izatetik 61.105 izatera igaro dira.

Horrez gain, irailaren 30ean COVID kontingentea dela eta kontratatutako 338 langileri kontratua amaituko zaie, eta ez dira berrituko. Aurtengo ekainera arte, mota horretako 695 kontratu zeuden, eta COVID programarekin lotutako lanez gain, egiturazko lanak ere egiten dituzte Osasunbidean.

Nafarroako zazpi aurrekontu onartu dira UPN atera zenetik, baina osasun publikoaren okertzeak gora egiten jarraitzen du. PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroan onartutako aurrekontuen gabezia eta norabide antisoziala salatu ditu ELAk. Osasunbidera bideratutako inbertsio eskasa agerikoa da itxaron-zerrendetako datuekin; egoera kezkagarria da, Nafarroan osasun pribatuak lekua hartu duen bitartean (azken bost urteetan 20.000 pertsona gehiagok dute aseguru mediko pribatua Nafarroan).

Osasun publikoa hobetzeko, ELAk proposatu du, besteak beste, gastua Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoa sustatzea eta estaldurak zabaltzea, lehen mailako arreta bultzatzea, plantilla handitzea eta behin behinekotasun onartezinarekin amaitzea.