Bi hilabeteko greba ondoren akordioa Derioko EATON lantegian

2016/07/01
EATONgo langileek egindako borroka dela-eta, multinazionalak lan-erreforma alde batera utzi behar izan du, eta akordio bat bilatu langileekin. Multinazionalak, apirilaren 27an, 39 langileri azkentze-EEE eta besteei etorkizunik gabe uzten zituela iragarri zuenetik langileek argi ikusi zuten multinazionalaren planak aldatzeko ez zegoela beste biderik, greba mugagabea egitea baino.

Joan den ostegunean, ekainak 23, akordio bat sinatu zen EATONen, langileen eta zuzendaritzaren artean, eta aste honetan Euskal Herriko Auzitegi Nagusian gauzatuko da adiskidetze-ekitaldi baten bidez.

EATONgo langileek egindako borroka dela-eta, multinazionalak lan-erreforma alde batera utzi behar izan du, eta akordio bat bilatu langileekin.

Multinazionalak, apirilaren 27an, 39 langileri azkentze-EEE eta besteei etorkizunik gabe uzten zituela iragarri zuenetik langileek argi ikusi zuten multinazionalaren planak aldatzeko ez zegoela beste biderik, greba mugagabea egitea baino.

Bidea gogorra izan da. Industria-jarduera osoa iraunaraztea lortu ez badugu ere, merezi izan du. Multinazional baten erabakiak aldaraztea ez da lan erraza, baina egin daiteke langileen borrokaren eta antolakuntzaren bidez. EATONgo langileen borroka beste bat izan da, Euskal Herrian hainbat multinazionalen erabaki bidegabeen aurka izan direnen artean. Izan ere, multinazional horietako askok ez dituzte kontuan hartzen eraginpeko langileak, familiak eta eskualdeak. Baina multinazionalek hain gogoko duten lan-erreforma, lanpostuak suntsitzeko tresna gisa, hemen, Euskal Herrian, ez da erreferentziazkoa, ikusi besterik ez dago EATONen gertatu berri dena.

Erabakia jakinarazi ziguten bezain laster, erakundeetara jo genuen laguntza eske, baina erantzuna ez zen izan espero genuen bezalakoa. ELAren iritziz, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Bizkaiko Aldundiak ez dute inolako ekimenik bultzatzen lanpostuak mantentze aldera edo industria-proiektuak iraunarazte aldera, multinazional batek ekoizpena deslokalizatzeko erabakia hartzen duen bakoitzean.

Bereziki gaizki deritzogu Lan Sailaren menpeko Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren jokabideari. Deslokalizazioa eragozteko asmoz langileekin batera datuak aztertu beharrean, enpresaren alde kokatu da zuzenean, eta enpresak burutu nahi zuen deslokalizazio-prozesuari inolako trabarik ez dio jarri.

Eragozpen horien guztien gainetik, eta gure sindikatuaren laguntzaz langileek egindako borrokari esker, akordio on bat lortu ahal izan dugu. Hona hemen akordioaren bi atal nagusiak:

  1. 37 langilek atxiki diote borondatez akordioari, enpresak nahitaezko kaleratzeak egin behar izan gabe.

  • Aurre-erretiroak, 56 urtetik gorakoentzat, 63 urteko adinera arte, soldata garbiaren %80ko bermearekin. Guztira, 13 langile.

  • Gainerakoak bajak, 45 egun urteko, muga 40 hileko, eta 11.000 euro lineal 60.000 eurotik beherako kalte-ordaina jasoko dutenentzat, eta 8.000 euro lineal 60.000 eurotik gorako kalte-ordaina jasoko dutenentzat.

  1. EATONen lanean jarraituko duen plantillarentzat gerora begirako bermea: ez da beste EEE bat aurkeztuko 2020. urtera arte.

ELAk badaki oso zaila dela patronal atzerakoi baten interesak aldaraztea. Oraingo honetan patronal amerikar horrek ez du zalantzarik egin lanpostuak suntsitzeko orduan edo langileak oso egoera latzean uzteko orduan, lantegia errentagarria izan arren. Horregatik ELAk gogotik txalotzen du norabide-aldaketa.