Bi hildako lan istripuetan azken orduotan
Gaur goizean Leitzarango bailaran, Berastegi eta Elduain artean hil da gizon bat baso lanetan ari zela. Zuhaitz bat gainera erori zaio, eta larrialdi zerbitzuek ezin izan dute haren alde ezer egin. Deban bizi zen , eta 46 urte zituen.
Atzo arratsaldean Transportes Rived enpresako 48 urteko langile batek lan-istripu bat pairatu zuen Barbatain industrialdean. Egaperfil enpresara zeramatzan haril edo bobinetako bat gainera erori eta bertan hilda utzi zuen. Langilea autonomoa zen. ELAk salatzen du aurten, dagoeneko, 13 langile hil direla Hego Euskal Herrian lan-istripuz, eta bakarrik Nafarroan 3.
Istripuaren zergatiak oraindik ez dira argitu; hori dela-eta, ELAtik gertaera ikertzea eskatzen dugu, erantzukizunak egoztearren. Lan-istripuen arrazoiak errepikatzen dira: segurtasun-neurririk eza, lan egiteko erritmoak, kontratazioaren behin-behinekotasuna eta iruzurra, prestakuntzaren eskasia, azpikontratazioa... Labur esanda, prekarietatearen adierazpen guztiak.
Lan-ezbeharren arrazoiak hain ezagunak izanik, premia handikoak dira zuzentze-neurriak ezartzea. Administrazioaren jokabide geldoak agerian uzten du borondate politiko eskasa, egoera tamalgarri horri aurre egiteko. Porrot egin dute plan birtualek, batzordeek eta lan-taldeek. Giza baliabideak eta bitarteko materialak jarri behar dira, eta kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira, segurtasun-neurriak ote dauden kontrolatu, eta iruzurrezko kontratazioa zigortu.