Bi langile zendu dira gaur Urnietako eta Amurrioko lan istripuetan

2021/10/15
Gaur goizean, urriak 15, bi langile hil dira lan-istripu baten ondorioz. Lehenengoak Urnietako Pavimentos Tecnológicos Zarra enpresan lan egiten zuen. Miguel Imaz enpresako azpikontrata da Urnietako Udalerako kiroldegia berritzeko obra batzuetan. 59 urte zituen. Bigarren hildakoa Amurrioko txalet batean konponketak egiten ari zen autonomo bat zen.

Laneko ezbeharrek dagoeneko 52 langileren bizitza eraman dute aurten Hego Euskal Herrian, eta datu hau guztiz onartezina eta jasanezina da.

ELAk gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen senide eta lankideei, eta, aldi berean, bi istripu horien berehalako ikerketa eskatzen du, arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko.
Estatistika triste horien atzean, egoera tamalgarrietan lan egitera behartuta dauden langileek pairatzen duten erabateko lan-prekarietatea dago, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz. Egoera honek bai patronalaren eta baita erakundeen ibilbidean aldaketak sortarazi beharko luke. Lehentasunezkoa da lan-segurtasunaren eta -osasunaren arloan norabidea aldatzea, lan-prekarietatea geldiarazteko, hori baita hainbeste lan-istripuren eta lanbide-gaixotasunen jatorria. Prebentzioa produkzioaren aurretik jartzen ez bada, pertsona gehiagok jarraituko dute gaixotzen eta hiltzen, eta hori ezin da konpondu orain arte ezarritako lan-ildo berdinak garatuz,ez baitute funtzionatzen. Prebentzioaren arloko ez-betetzeak irmoago eta baliabide handiagoz jazarri eta zigortu behar dira
ELAk, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuekin batera, manifestazioa egingo dugu lantokietan dagoen prekarietatea salatzeko, hori baita gaur salatzen ari garen bezalako lan-istripuen atzean ezkutatzen den arrazoi nagusia.