Bi urtetan 790 lanpostu suntsitu dira Kutxabanken

2013/11/06
Bi urtetan 790 lanpostu suntsitu dira Kutxabanken
Kutxabanken, oro har, izan den enplegu-galera garbia, 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko irailaren 30era arte, 790 lanpostukoa izan dela, salatu du ELAk. Gizarte ekintza sailean 2013ko aurrekontuan izan duen beherakada basatia izan da: 2012. urtean BBKk bakarrik gizarte-ekintzara bideratu zuen zenbatekoa 73,4 milioi €-koa izan zen; 2013an, aldiz, hiru kutxak batera bideratu dutena 28 milioi € izan da.

 

ELA sindikatuak salatzen du Kutxabanken azken erabakia, zerbitzu zentralak Euskaditik Cordobako menpeko enpresara —Caja Sur— lekualdatzekoa. Zerbitzu horiek Bilbotik eskaini izan dira orain arte, zehazkiago esateko, Rodriguez Arias 1eko eraikinetik.

 

Lekuz aldatuko diren atalak bi hauek dira:

  • Ordainketa Baliabideen Administrazioa (kreditu-txartelak).

  • Eragiketako Zentralak: atal honetara honelako zerbitzuak biltzen dira: helbideratzeak, konpentsazio-ganbera, SICA (aurrezki-kutxen elkartrukerako zerbitzua), pasiboa eta zergak, eta Gizarte Segurantza.

Eginkizunak Caja Sur-era eramatearen eraginpeko langileak, gutxi gorabehera, 100 izango dira.

Gainera, joan den astean aditzera eman zenez, Kutxabankeko 25 emakume langile lekualdatuko dituzte derrigorrez Madrildik Euskadiko hainbat puntutara. Horrek bi ondorio kaltegarri ekarriko ditu: batetik, lekuz aldatutakoei deserrotze familiar eta sozialaren zigorra ezarriko zaie nahitaezko lekualdatzearen ondorioz, gehien-gehienak, gainera, emakumeak dira, seme-alaba txikiak dituztenak; eta bestetik, eginkizun horiek eraman izan dituzten langileei kontratua deuseztatu edo hutsalduko diete.

Aurtengo urtarrilean bertan ELAk Kutxabankeko enplegu-suntsipena salatu zuen, 2012 eta 2013 urteei dagokienez. Aurtengo irailaren 30eko datuak kontuan hartuz, eta euskal kutxak Kutxabanken bategin ondoren, 379 lanpostu suntsitu dira Euskadin, balio garbietan, aipaturiko aldian. Kutxaz kutxa begiratuz gero, BBKk 125 lanpostu galdu ditu. Jarraian Kutxa joan da, 87 galduz; eta azkena Vital Kutxa izan da, 167 lanpostu gutxiago dituela. Horri gehitu behar diogu Hedakuntza delakoan izandako enplegu garbiko galerak, non galera garbia 411 lanpostukoa izan baita. Bi esparruak batuz gero, Kutxabanken, oro har, izan den enplegu-galera garbia, 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko irailaren 30era arte, -790 lanpostukoa izan da.

Kutxen bategitea/pribatizazioa odoluste bat izan da, enplegua suntsitzeari eta zerbitzu zentralak deslokalizatzeari dagokienez. Euskadin galdu eta ezabatu diren postu horietako batzuk erretiratu direnen postuak izan dira, baina beste zati handi bat behin-behineko kontratuak zituzten langileenak izan dira. Langile horietako batzuk lanean urteak eman arren, bategitearen ondoren kaleratuak izan dira. Euskal gazte horiek langabe bihurtu dira “gizarte osoaren onerako izan behar zen bategite zoriontsu baten ondorioz”, hala esaten baitzuten bategite/pribatizazio horren bultzatzaileek.

Urkullu lehendakariak eta bere Enplegu sailburu Aburto jaunak Euskadiko enplegua zaindu eta sustatzen dutela diote; baina Kutxabankeko PNV zuzendariek justu kontrakoa egiten dute, zerbitzuak deslokalizatuz eta enplegua ikaragarri suntsituz. Ondorioz, gero eta langabezia handiagoa dago gure herrian; batez ere, ahulenen eta gazteen artean.

Gizarte-ekintzan hasitako bidea ulerterraza da: epetan suntsitzea.

2013ko aurrekontuan diru-sail horrek izan duen beherakada, iazko diru-kopuruaren aldean, basatia izan da: 2012. urtean BBKk bakarrik gizarte-ekintzara bideratu zuen zenbatekoa 73,4 milioi €-koa izan zen; 2013an, aldiz, hiru kutxak batera bideratu dutena 28 milioi € izan da. Hau da, gizarte-ekintzaren ¾ murriztu dute.

Ondorioz, arian-arian baina halabeharrez desagertuz doa: 2013. urtean, Bizkaiko emakumearen sustapen-zentroa itxi (50 urteko ibilbidea izan arren), Bilboko “Reina de la Paz” egoitza pribatizatu, erretirodunen lokaletako ordutegia laburtu, haurtzaindegiak gutxitu, Gasteizko gazteentzako gizarte-alokairuetarako laguntzak murriztu, Donostiako Onkologikoa finantzatzeko arazo larriak, eta azken egunotan Inbiomed medikuntza birsortzailearen ikerketa-zentroa ixteko arriskuan (Kutxaren gizarte-ekintzaren likidezia falta dela-eta, handik zetorkion finantzabidea eten da). Eta 2014. urtera begira, are okerrago, diru gutxiago gizarte-ekintzarako. BBK hasi da iragartzen haurtzaindegi batzuk itxiko direla 2014/2015 ikasturtean.

Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek, joan den astean egindako adierazpenetan, gizarte-ekintzaren aldekoa zela esaten zuen. Honez gero inor gutxik sinetsiko dio, baina baten batek haren hitz zuriak oraindik ere sinesten baditu, begiratu baino ez du egin behar aurrekontuen bilakaera eta gizarte-ekintzan egiten diren murrizketa basatiak, eta berehala damutuko da harengan sinetsi izanaz. Bategite/pribatizazioa onetsi zen egunean bertan hasi zen gizarte-ekintzaren gainbehera, eta denborak nor bere tokian jartzen du.

Azkenik gogoratu beharrekoa da ELAk 2011n iragarri zuena: ELA bakarrik geratu zen hiru euskal kutxen bategiteari EZETZ esaten, proposatu zen baldintzetan, bere baitan ekarriko zituen ondorioak zirela-eta: bankarizazio/pribatizazioa, kutxabankeko langile gehienen erabakia —negoziazioko euskal esparrua— kontuan ez hartzea, eta beraz lan-baldintzak lorrintzea, enplegua galtzea, eta gizarte-ekintza desagertzea.

Kutxen bategitea txeke zuria izan zen elite ekonomikoentzat, eta horretaz baliatu ziren euskal kutxa publikoak pribatizatzeko. Elite ekonomikoen interesen eta haien zerbitzura dauden politikarien arteko aliantzak giltzarri dira gertaeren bilakaera ulertzeko.

Egunotan izapidetzen ari da aurrezki kutxen eta banka-fundazioen legearen egitasmoa. PNVren eta PPren arteko itunak direla-eta, zorionak eman dizkiote elkarri, gizarte-ekintza salbatu dutelakoan. Ez dira unean uneko gaiak, funtsezko eta norabideko gaiak baizik: atea irekiko zaio kapital pribatuari, BBKk gutxienez %7ko desinbertsioa egingo du Kutxabanken (%50etik behera geratzeko), bost urtetan eta modu ilunean. “Gizarte-ekintzaren salbazioa” ke-lainoa da, haren atzetik pribatizazioari atea irekitzeko, ezkutuan eta isilpean. Eta gizarte-ekintzatik geratzen dena benetan salbatuko den ez du inortxok ere sinesten. Kapital pribatuak badaki zer den etekinak ugaltzea, baina ez du ideia handirik gizarte-ekintzez, ez bada propaganda hutsa egiteko. “Azeriari oilotegia zaintzeko eskatzea” bezalakoa da.

Aurrezki-kutxak gizarte- eta zerbitzu-helburuaz sortu ziren hemeretzigarren mendean, eta sustraiak lurralde jakin batean zituzten ondo sartuta; baina horrelako erakundeen amaiera hurbil dago. Gizarte-alderdia aienatuko da etekin pribatuaren mesedetan, eta lurralde-alderdia ere ezabatuko da, zerbitzuak deslokalizatzen eta deserrotzen diren neurrian.

Prozesua orain dela zenbait urte hasi zen, bankari bihurtutako politikariek neurriz gaineko hedakuntza bati ekin ziotenean; orduan diru-kopuru itzelak inbertitu zituzten, jatorrizko lurraldetik kanpo, etxegintzako proiektu faraonikoetan eta irentsi ezinezko erakundeak erosten. Hori izan da aitzakia aparta euskal aurrezki-kutxen pastela bakan batzuen artean banatzeko, kaltedun ugari utziz: kutxen helburu ziren euskal herritarrak eta kutxetako langileak, azken horiei lan-baldintzak murriztu eta lanpostuak urrituko dizkiete-eta.