Bilboko Arte Ederren Museoko zuzentaritzak grebaren eragina indargabetu nahi du gutxieneko zerbitzuak ezarriaz

2016/06/27
ELAren iritziz, patronatuaren zuzendaritzak Arte Ederren Museoan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko asmoak helburu bakarra du: Manpower azpikontratako langile guztiak egiten ari diren grebaren eragina indargabetzea.

Joan den larunbatean, hilak 24, Museoko Patronatuko zuzendaritzak egindako iragarpen honen atzean Bilboko Udala bera dago. Honek, batetik, gatazkan esku hartzeari uko egiten dio, grebalariek behin eta berriz eskatu dioten arren; bestetik, ordea, Enplegu Saila estutzen ari da gutxieneko zerbitzuak ezartzeko dekretu bat argitara dezan, grebaren eragina ezkutatze aldera. Eskari hau abusu hutsa da, eta kolektiboaren greba eskubidea urratzen du.

ELAk nabarmendu nahi du patronatuan dauden hiru administrazioak (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) Jaurlaritzako alderdi berekoak direla, eta hain zuzen honi eskatzen diotela gutxieneko zerbitzuak ezartzea.

Beren ardura aintzat hartu eta langileentzako miseria inposatuz eragin duten gatazkarentzat irtenbide negoziatu bat bilatu ordez, erakundeok -epaile eta parte bilakatuta- presioa eragiten dute oinarrizko eskubide bat gautzatzea eragozteko. Ez dute nahi gizarteak jakiterik euren kudeaketa ereduak zein ondorio lazgarri dituen, eredu horren oinarriak zerbitzuen lizitazio gero eta merkeagoa eta azpikontratetako langileen baldintza negargarriak direlarik.