osakidetza

Bilboko Bombero Etxaniz Osasun Zentroko langile batek erasoa jasan du

2023/10/05
Plantilla urriegia eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren prekarizazioa daude horrelako erasoen atzean.

Pasa den asteazkenean, hilak 27, Astrabuduako Osasun Zentroan Osakidetzako langile batek jasandako erasoaren biharamunean, antzeko beste eraso bat gertatu zen Bilboko Bombero Etxaniz Osasun Zentroan.

Erabat gaitzesagarriak diren jokabide indibidualetatik haratago, ELAk salatzen du lan baldintza prekarioak eta plantilla urriegia izatea edo ordezkapenik ez egitea, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren prekarizazioarekin batera (osasun arreta eskuratzeko itxaronaldiak edota Osasun Zentroarekin harremanetan jartzeko zailtasunak), horrelako erasoen atzean daudela.

ELAk lan baldintzak hobetzeko eskatzen dio Osakidetzari. Baldintza hauek eragin zuzena dute herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan. Halaber, ELAk gertatutakoa ikertzeko eta babes eta prebentzio neurriak areagotzeko eskatzen du, horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Gogoratu behar da, hain zuzen ere, sektore publikoko plantillaren lan baldintzak eta, ondorioz, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzeko helburuarekin, ELAk, beste sindikatu batzuekin batera, bi greba egun deitu dituela urriaren 25erako eta abenduaren 19rako sektore publiko osoan. Lan baldintza onik gabe, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik.