Bilboko Hotel Occidental greban

2017/03/15
Hotel Occidentaleko garbitzaileek greba mugagabea egingo dute martxoaren 20tik aurrera. Samsic Iberia enpresak Barceló hotelaren (lehengo Hotel Holiday Inn) menpe dagoen Hotel Occidentaleko garbitzaileak dira hauek.

Barcelók subrogaziorako eskubidea ukatu dio Samsic enpresari eta horrek bertako langileen lanpostuaren egonkortasuna zalantzan jarriko du. Samsic Bilboko Begoña auzoko Barceló hotelak azpikontratutako enpresa da, hoteleko logela eta leku komunak garbitzeaz arduratzen dena. Bada, esan bezala, subrogaziorako eskubidea aitortzeari uko egin dio Barcelók. Horrek langileentzat izango dituen ondorio kaltegarriak ikusita, ELAk greba mugagabea deitu du datorren astelehenerako, martxoak 20.

ELAko arduradun Iñaki Olidenek Barcelóren politika salatu du, alegia, etekinetan bakarrik oinarritutako politika. Azken finean, subrogazioa ukatzeak ondorioak ditu: alde batetik, garbiketa lanetan aritzen diren langileen baldintza sozio-laboralak prekarizatu baino ez ditu egiten; bestetik, erreferentzialak diren hitzarmen probintzialak aplikatzeari uko egiten dioten estatu mailako enpresei ateak irekitzen dizkio. Kontuan hartu behar da, azken horiek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatara ere iristen ez diren soldatak ordaintzen dituztela.

Gogoratu, BARCELÓ kateak bi hotel dituela Bilbon: Barceló-Nervión Campo Volantinen; eta Occidental hotela, Begoñako basilikatik gertu, alegia, gatazkatik gertu. Aipaturiko lehen hotelean, Barceló-Nervión hotelean, CONSTANT enpresak egiten du lan. Ba orain, Barceló Begoñako hotelean sartu dela ikusita, argi eta garbi esan daiteke CONSTANT enpresa izan daitekeela garbiketa lanak egiteko hautatua, bai behintzat aukera gehien dituena hautatua izateko. Gogoratu ere, CONSTANT enpresa izan dela hain zuzen ere, ELArekin gatazka handia izan duena NH Villa de Bilbao hotelean. Izan ere, azken horretan ELAk greba mugagabea deitu zuen, langileen subrogazioa bermatuko zuen eta baldintza sozio-laboralak hobetuko zituen akordio batekin bukatu zena.

Barcelón subrogaziorako eskubidea ukatuta, eta Constant enpresa jokoan sartuko dela aurreikusita (garbitzen den logela bakoitzeko 2 €-ko odainsaria aurreikusten duen estatu mailako hitzarmena du), ELAk ozen dio garbiketa lanetan ari diren langileen eskubideak defendatuko dituela.

Olidenen hitzetan “onartezina eta penagarria” da estatu mailako enpresak azpikontratatzeak dakarren prekarizazioa. Bere esanetan, funtsean Aldi Baterako Enpresen antzera jokatzen dute, eskulan merkea bilatuta. Argi dauka Olidenek konfrontazioa beste biderik ez dagoela, Hotel Abando, Bilboko Arte Ederrak eta Hotel NH Villa de Bilbaon ezagutu ditugun kasun ostean datorren kapitulu berria.