Bilboko Metroko akordioak langileen %86ko babesa jaso du

2012/05/24
Bilboko Metroko akordioak langileen %86ko babesa  jaso du
Amaitu da urtebete iraun duen Bilboko Metroko lan gatazka. Langileen batzordeak oniritzia eman dio metroko zuzendaritzak eta sindikatuek onartutako akordioari. Hain zuzen, langileen %86,5ek onartu dute hitzarmena.

 

Bilboko Metroko zuzendaritza eta sindikatuak bost puntutan bat ez zetozela eta, iazko maiatzaz geroztik lanuzte eta protesta ugari egin dituzte metroko langileek; azkena apirilaren 27an egin zuten.
ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, auziaren amaiera langileek aldarrikatzen zuten bezala gauzatu da. "Traba bakarra akordioa aspaldi lor genezakeela da, egindako mobilizazio, adierazpen, salaketa eta abarrak, eta, bereziki, guk metroko langileok jasan dugun kriminalizazioa saihestuz"

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, aurrerantzean langileen "ahalmena eta hitza" errespetatuko direla espero dute. Akordioaren edukiari dagokionez,bi klausula berezi gehitu direla jakinarazi dute.Batean sindikatuak eta zuzendaritza hilean behin biltzeko foroa sortzea proposatzen da. Bigarrenean, balizko urratzerik bada, aukera ematen zaie langileei Lan Harremanen Kontseilura joateko, gaizki ulertuak argitzera.

Sindikatuen arabera, lau izan dira zuzendaritzarekin egin dituzten bileren inguruan lortutakoak: auzia osorik aztertzea, kanpoko behatzaile batek bilerak bideratzea, agerian uztea urrun zeudela zuzendaritzak ordura arte egindako adierazpenak eta negoziazio mahaian erakusten zuen jarrera, eta sindikatuen ordezkaritza errespetatu eta argudioak balioetsi diren esparru bat sortzea.

"Hain denbora laburrean ibilitako bide horrek argi utzi du lan gatazka hutsa zela gurea, eta ez politikoa, beste batzuek behin eta berriro saldu nahi izan duten bezala. Garbi geratu da, halaber, guztiz beharrezkoa zela negoziazio mahai batean konpontzea, bi aldeak errespetatuko ziren eta langileen eskubideak kontuan izango ziren mahaian, alegia",