Bilboko Metroko langileak kalera atera dira
Bilboko Metroko langileen batzordeak hiru orduko lan uztera deitu ditu gaur goizean langileak, 09:45etik 12:45era. Tarte horretan manifestazioa egingo dute langileek.
ELAk atzo askatasun sindikaleko eta grebarako eskubideak babesteko demanda bat sartu du auzitegian; izan ere, sindikatuaren ustez Patxi Lopez Lehendakariak urratu egin baitzituen bere adierazpenekin.
Inoiz ikusi gabeko jokabidea izan zuen Lehendakariak: Bere egoitzara komunikabideak deituta, Metro Bilbaoko gatazkan esku hartu zuen. Langileen aurka jo zuen eta ohartarazi egin nahi izan zien greba ez zela egokia, eta ez zuela eraginik izango, ezar zitezkeen gutxieneko zerbitzuak medio; bestalde, mehatxu ere egin zien, har zitezkeen zigor neurriekin eta ordena publikoaren ingurukoekin.
Horrelako jokabide harrigarria jarduera sindikalean egindako injerentzia bidegabea izan daiteke, eta greba-eskubidea mugatzeko saioa, hots, Askatasun Sindikaleko Lege Organikoak debekatzen dituen egintzak.