Bilboko portuko langileek mobilizazioak iragarri dituzte murrizketak salatzeko

Bilboko Portuko Agintaritzako batzordeak elkarretaratzea egingo du bihar, abuztuak 31, Getxoko gurutzontzien terminalaren sarbidean, azken urteotan portuko langileek pairatzen ari diren murrizketak salatzeko. Hanseatic Inspiration itsasontziaren etorrerarekin bat eginez, 11:00etatik 13:00etara egingo da kontzentrazioa.
Izan ere, murrizketak "ugariak" izan dira, ELAk adierazi duenez: "Enpresako akordioak ez betetzeaz gain eta langileen eskubide sozialak murrizteaz gain, zuzendaritzak ez ditu langileen bajak behar bezala betetzen, horrek dakarren lan-kargarekin, eta portuko langileen ardurapean egon beharko luketen zerbitzuak kanpoko enpresen esku uzten ari da". Horrekin bat, azken hamarkadan pilatutako soldata murrizketek nabarmen eragin diote langileen erosmen-ahalmenari, eta BPAko zuzendaritzak uko egiten dio lan baldintzak hobetzeari, "Estatuaren agindua" aitzakiatzat hartuta.
Egoerak hobera egin ezean, Bilboko Portuko langileek mobilizatzen jarraituko dute.