Bilboko Txurdinagabarri zahar egoitzako eta eguneko zentroko langileek mobilizazioak egiten ari dira, lan-karga handiak eta ordezkapenik eza salatzeko

2022/02/28
Aita Menni taldeko Txurdinagabarri zahar egoitzako eta eguneko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, jasaten duten lan-karga handia eta ordezkapenik eza salatzeko. ELAk egoera jasangaitzat jo du, eta enpresari plantilla handitzea eta langileen ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatu dio. Hurrengo elkarretaratzea martxoaren 2an izango da, 11: 15etik 12: 45era, Txurdinagabarri egoitzako eta eguneko zentroko sarbidean.

Gaur egun, gutxienez erizaintzako langile bat gutxiago dago 2019an baino. Era berean, zuzendaritzak alde batera utzi ditu txandak indartzen zituzten langileak; izan ere, pandemia aurreko aldian 4-5 ziren, eta gaur egun, berriz, 2-3. Enpresa-batzordeak, ELAko gehiengoarekin, kritikatu du, halaber, pandemiaren unerik txarrenean 93 egun egon direla osasun-langileak estali gabe. Adibidez, arratsaldeko txandan erizain bakarra besterik ez da egon zahar egoitzako 200 erabiltzaile baino gehiagori arreta emateko.

Gauzak horrela, enpresa batzordeak abenduan premiazko bilera bat eskatu zion zuzendaritzari plantillaren problematikari heltzeko. Enpresaren jarrera ikusita (bilerak oztopatu ditu eta ez du eskatutako dokumentazioa aurkeztu), batzordeak egoera salatu zion Lan Ikuskaritzari.
Era berean, batzordeko presidenteak joan den astean erregistratu zuen Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuarekin biltzeko eskaera; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia, Azpiegiturak SA sozietatearen bitartez, Txurdinagabarri egoitzaren eta eguneko zentroaren titularra da, Bizkaiko Egoitzen Foru Sarekoak.