Bilboko Udaleko langileek mobilizazio jendetsua egin dute, Rajoyren dekretuaren inposizioaren kontra
Mila lagunetik gora bildu dira gaur goizean Bilboko udaletxearen aurrean euren lan-baldintzen mantenuaren alde egin den protesta ekintzan. Udalak, beste hainbat asmoren artean, lanaldia handitzeko eta Gabonetako aparteko-paga ez ordaintzeko asmoa du. Langileen ordezkariek idatzi bana eman diote Bilboko udaleko alderdi politikoetako ordezkariei; bertan, besteak beste, 2012. urteko soldata osoaren ordainketa exijitu da.
Bestalde, langileen ordezkariek argi utzi dute euren helburua lortu arte mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela. “Alderdi politikoei eskatzen diegu ez dezatela Rajoyren politiken jarraipen itsua egin. Murrizketek amildegira garamatzate, eta neurri horien ez aplikazioa borondate politiko kontu hutsa da”.
Protestan zehar langileek udaletxea inguratu dute giza-kate baten bidez.