Bilboko Udaleko ordezkari sindikalek Osoko Bilkura eten dute, anbulantzia zerbitzua kentzearen aurka protesta egiteko

2021/10/28
Bilboko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek gaurko Osoko Bilkura eten dute enplegu publikoa suntsitzearen aurka agertzeko, zehazki, Bilbo-SAMUR udal-anbulantziaren zerbitzua kentzearen aurka. Sindikalistek defendatzen dute funtsezko zerbitzu publikoa dela, eta Bilboko herritarren eta udal langileen segurtasuna eta babesa EAJk eta PSEk osatzen duten udal-gobernuaren asmo neoliberalen gainetik dagoela.

Bilboko Udaleko langileen ordezkariek ohartarazi dutenez, zerbitzuak kentzearekin aurrekari arriskutsu bat sortzen da; izan ere, karrerako funtzionarioek osorik betetzen duten zerbitzu oso bat ezabatzen badute, gero eta errazagoa izango da bitarteko pertsonek betetzen dituzten lanpostuak kentzea. Gaur egun, udal honetan 400 langile baino gehiago daude behin-behineko egoeran.

Azkenik, Langileen Batzordeko ordezkariek EAJ eta PSEren zerbitzuak pribatizatzeko eredua eta hori gauzatzeko formula kritikatu dituzte. Azaldu dutenez helburua argia da: ez dute zerbitzurako baliabiderik emango, pixkanaka hil dadin, eta, ondoren, ezabatzeko, pribatizazioari eta enpleguaren prekarizazioari ateak irekiz.