Bilkurak bihar lantokietan herri katalanarekiko elkartasuna adierazteko

2017/10/02
Bihar, urriak 3, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta Etxalde sindikatuek lantokietan agerraldiak deitu dituzte atseden tartean, herritar katalanei elkartasuna adierazteko, atzo Espainiar Gobernuak errepresio gogorra erabili baitzuen haien aurka, boto eskubide demokratikoa egikaritu nahi zutenean. Iluntzeko zazpietan, berriz, manifestazioak izango dira Hegoaldeko lau hiriburuetan.

Sindikatuek zoriondu egin dituzte herritar katalanak; modu antolatu eta irmotasunez hautestontziak bete zitzuten, Rajoyren Gobernuak agindutako errepresio latza tarteko. ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta Etxalde sindikatuek erreferendumaren emaitzaren balorazio ona egin dute.

Bestalde, Adolfo Muñoz "Txiki" ELAko Idazkari Nagusiak salatu duenez, errepresioaren ardura duen PPk orain PSOErekin eta Ciudadanosekin akordio bat itxi nahi du egoerari jarraipena emateko; halaber, EAJ ere akordio horretan sartzea nahiko luke.

Muñozek esan du PPk herri katalanaren -eta bertokoaren- aldarrikapen demokratikoei erantzun bakarra eman diela: ezezkoa eta zapalkuntza.

Hain zuzen, Urkullu Lehendakariari eskatu dio alde batera utzi dezala bere ekidistantzia; Rajoyren alderdiak "legearen inperioa" ezarri nahi du errepresioarekin, eta katalanen zein euskaldunen zilegizko asmoak isilarazi. Muñozek esan du politika zapaltzaile horrek PPri politika egiteko gaitasuna kentzen diola eta Lehendakariari gogoratu dio berak inork baino hobeto dakiela PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ukatu egiten diotela herri katalanari -eta Euskal Herriari- bere erabakitzeko eskubidea, eta hori dela sakoneko arazoa.