Osakidetza

Biltegiak pribatizatu nahi dituztela salatu du ELAk

2023/04/25
Osakidetzako biltegien inguruko proiektuaren inguruan erabateko gardentasun falta dago, Sailburuak komunikabideen bidez eman du horren berri.

ELA salatu du osasun publikoaren pribatizazioa, eta oraingoan zehazki Osakidetzako biltegiei eragiten diena. Izan ere, duela 20 egun eskas komunikabideen bidez jakin zen proiektu bat zegoela EITBren Iurretako egoitza zaharrean, 2026tik aurrera, Osakidetzarentzako zentro logistiko bat martxan jartzeko. Hori da ELAk jaso duen lehen informazioa eta bakarra. Ohi bezala, Osakidetza erabateko opakutasunez ari baita proiektu hori garatzen, eta gaur egun arte ez du horri buruzko informaziorik igorri.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Sailburuak adierazi zuen “Osakidetzako Erakunde Sanitarioek, 15 ospitalek eta 324 osasun zentrok eta Osasun Mentaleko Sareak (lau ospitale gehiago, 23 eguneko ospitale eta 41 osasun zentro) material sanitario eta ez-sanitarioen eskaera handia sortzen dutela, eta erakundeek berek eskuratzen dituztela material horiek. Helburua erosketa horien zati handi bat zentralizatzea eta horiek biltegiratzeko eta banatzeko plataforma logistiko bat sortzea da.”

Hitz horien atzean pribatizazioa dago. Hainbat iturriren bidez jakin izan dugu Osakidetzaren benetako helburua dela gaur egun ESIetan dauzkan biltegiak ixtea. Gaur egun, biltegi horiek baliabide eta langile propioekin kudeatzen dira eta helburua da etorkizunean plataforma logistiko batean zentralizatzea. Plataforma horren kudeaketa kanpoko enpresa bati azpikontratatuko zaio eta, beraz, pribatizatu egingo da.

Larunbat honetan egindako manifestazio jendetsuen ostean, Sailburuak bideo bat zabaldu zuen, esanez “ez dagoela kasu bakar bat ere Osasun Sailaren titulartasun publikoko zerbitzu bat pribatizatu denik; izan ere, baliabide berri guztiak titulartasun publikokoak dira.” Salatu behar da Sailburuak eufemismo bat erabiltzen duela benetako errealitatea ezkutatzen saiatzeko: osasun publikoaren pribatizazioa. Zerbitzuen pribatizazioak ez du titulartasun aldaketa bakarrik barneratzen, beste formula batzuk ere hartzen ditu barne, hala nola zerbitzu baten kudeaketa azpikontratatzea (kasu honetan bezala); zerbitzu jakin batzuk osasun pribatuarekin ituntzea (Gipuzkoako Poliklinikak, adibidez, funts publikoetatik 13,1 milioi euro jaso zituen 2022an); edo proiektu jakin batzuk azpikontratatzea (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko plataforma bat garatzea; Lanbide Garapena kudeatzeko aplikazio bat garatzea; edota elektromedikuntzako mantentze-zerbitzua azpikontratatzea).

Zerbitzuen azpikontratazioak, diru publikoaren kontura enpresa pribatuak aberasteaz gain, enplegu publikoa suntsitzea eta aldi baterako langileak kaleratzea dakar.

ELAk Oaskidetzari eskatu dio proiektua berehala geldiarazteko, sindikatuei horri buruzko informazio guztia eskaintzeko eta zerbitzu guztien titulartasuna eta kudeaketa % 100 publikoa izatea bermatzeko.