Bingo Elcanoko langileek asteko greba egun kopurua handituko dute

2007/06/12
Bilboko Bingo Elcanoko langileek astean beste greba egun bat egitea erabaki dute. Orain arte ostegun eta larunbatetan egiten zuten greba. Ekainaren 15etik aurrera, ostiraletan ere greba egingo dute.

Orain arte 13 greba egun egin dituzte langileek. Hala ere, enpresaren zuzendaritzak ez du negoziatzeko inolako borondaterik agertu. Gainera, langileek zuzendaritzaren jarrera salatu nahi dute; mehatxuak etengabeak izan dira eta greba eskubidearen aurka hamaika ekimen egin ditu enpresak.

Bestalde, ezinbestekoa da enpresaren zuzendaritzaren jarrera kritikatzea: langileen delegatuak preco-aren aurrean salatu dituzte, grebak enpresari "kalte ekonomikoak" ekartzen dizkiolako. Egoera honen aurrean, ELAk dei egiten dio beste behin zuzendaritzari mahaian eseri dadin eta negoziatu dezan, ezinbestekoa baita langileen lan baldintza kaskarrak hobetzea.

Azkenik ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die beste behin Bingo Elcanoko langileei. Izan ere, txalotzeko modukoa da ematen ari diren duintasun erakustaldia, eta erakusten ari diren klase kontzientzia.