Bitarteko langileek antzinatasuna eska dezakete

2008/11/20
ELAk auzia irabazi du Administrazioarekiko Gasteizko 3. Epaitegian. Han errekurtsoa jarri genion Gasteizko Udalari, bitarteko langileen antzinatasuna dela-eta, ez baitituzte jaso 2007ko maiatzaren 14a baino lehen sorrarazitako diru-kopuruak.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua 2007ko maiatzaren 14an onetsi zenez, ordutik aurrera aitortu izan zaie antzinatasuna bitarteko funtzionarioei, baina ez lehenagokoa.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua indarrean sartu aurreko lau urteetan antzinatasuna dela-eta sorrarazitako diru-kopuruak erreklamatzeko ELAk hartu duen oinarria diskriminaziorik ezaren printzipioa izan da. Printzipio hori Iraupen Jakineko Lanari buruzko 1999/70/EE Zuzentarauan dago jasota.

Izan ere, 1999/70/EE Zuzentarauak diskriminaziorik ezaren printzipioa ezarri du, eta zuzentaraua denez estatuez gaindiko aplikaziokoa da. Horren arabera ezin dira okerrago tratatu iraupen jakineko kontratua duten langileak, langile finkoak baino; non eta ez den zuritzen trataera desberdina arrazoi objektiboengatik. Trataera berdinaren barruan antzinatasuna ere sartu beharrekoa da.

Zuzentarau horren ildotik doa, baita ere, Europako Erkidegoetako Auzitegiko Bigarren Salaren 2007ko irailaren 13ko Epaia. Azken epai horren bidez ebatzi zen Osakidetzako bitarteko langileen eta langile finkoen arteko trataera desberdina ez zegoela oinarriturik arrazoi objektiboetan, eta Lan Baldintzen Akordioan diskriminazio hori jasota egon arren, ez dela aplikagarria, 1999ko Zuzentaraua urratzen duelako.

Gasteizko Udalari buruzko epaiak eragin handia dauka, Gasteizko Udaleko finkoak ez diren langileengan ez ezik, Administrazio Publikoko finkoak ez direnengan (Osakidetzakoa ere barne), baldin eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua indarrean sartu aurreko lau urteetan antzinatasun-saririk jaso ez badute.