Bizkaibus-eko enpresek ez dituzte akordioak betetzen
ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuen agiria:
Dagoeneko, urtebete baino gehiago igaro da Bizkaibusen lineak enpresa berriei esleitu zitzaizkienetik.
Enpresa batetik bestera izandako pertsonalaren mugimenduak kaltegarriak izan dira langileontzat, enpresa zerbitzu-emaile berriek askotan lan-eskubideak murriztu dizkigute-eta. Ondorioz, auzitara jo behar izan dugu sarritan.
Gainera, enpresek hitzarmen desberdinak zituzten, eta hitzarmen bat baino gehiago izateak arazo ugari sortu ditu.
Enpresa emakidadun berriek, beren aldetik, hitzarmenetako baldintzak egokitu eta berdindu beharrean, langileentzat kaltegarrienak eta enpresentzat mesedegarrienak aplikatu izan dituzte. Hori dela-eta, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira, zerbitzuaren kalitatea hondatuz, eta ziurrenera zerbitzu publiko bat pribatizatzetik ateratzen dituzten milioikako etekinak are gehiago ugalduz.
Gaurko egunean enpresak eta Bizkaibus-eko batzordeak hitzarmen berriak negoziatzen aritzen gara. Enpresek negoziazioan duten helburua lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea da, eta urte askotako ahaleginetan lortutako eskubideak kentzea.
Negoziazio kolektibo hori egoera nahasi batean egiten ari da:
-
Batetik, enpresek askotan ez dute betetzen, ez emakidaren orrietan ezarritakoa, ez langileen jatorri-hitzarmenetan jasotakoa.
-
Bestetik, Foru Aldundiak emakidak esleitu ondoren, antza, beste aldera begiratzen du. Eta sinatutakoarekin harturiko erantzukizunari ihes egiten dio, enpresei lanpostuak amortizatzen utziz.
Bizkaibusen gauden sindikatu guztiok eta enpresa-batzordeek salatzen ditugu enpresen ez-betetzeak eta amortizazioak, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera ere. Erakunde horrek bere zuzeneko erantzukizunak saihestu nahi ditu, lan-arlokoak ez ezik, haiek berek sinaturiko puntuei dagozkienak ere bai.
Garraio publikoko eragileok, dagokigun erantzukizuna betez, dei egiten diegu enpresa emakidadunei eta Bizkaiko Aldundiari, Bizkaibuseko zerbitzuaren eta langileen baldintzak are gehiago ez prekarizatzeko; gure asmoa kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen jarraitzea baita, baina helburu hori arriskuan ikusten dugu batzuen geldotasunagatik eta besteen konplizitateagatik.