Bizkaibus, negozio benetan errentagarria enpresentzat

2016/04/21
Gastu guztiak ordaindu ostean (zuzendaritza-gastuak, senideei pabilioiak alokatzeagatik ordaindutako dirua…), Bizkaibus-eko enpresek hiru urtetan 20 milioi euro baino gehiagoko dirutza atera dute etekinetan. Datuok behar bezala egiaztatzeko, Merkataritza Erregistrora jo du ELAk Bizkaibus-en kontuak eta emaitzak ikustera.

Bizkaibusen negoziazio kolektiboan daude murgildurik, eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, enpresek betiko leloak errepikatzen dituzte: “dirua galtzen ari gara”, “negozioak ez du ematen”…

ELAtik sarri askotan esan dugu enpresek esku batez hartzen dutela Aldundiaren dirua, eta beste eskuaz langileei banatzen dietela; baina esku batetik bestera aldatze horretan diru-mordoa doa zuzenean beren sakeletara. Eta diru hori publikoa da, ez dugu hori ahaztu behar.

Bada, behin baino gehiagotan esan duena behar bezala egiaztatzeko, Merkataritza Erregistrora jo du ELAk Bizkaibus-en kontuak eta emaitzak ikustera. Erregistroan jasotako azken kontuak 2014koak dira, 2015ekoak ez baitira erregistratu behar aurtengo ekainaren 30era arte.

Datuak 2012, 2013 eta 2014koak dira, eta hortaz, esleipenak aldatu baino lehenagokoak. Esleipen berrietan lehengo plantillak eta baliabideak aldatu eta nahastu direnez, taularen ondoko balioespena egiteko, gai globalak hartu ditugu erreferentziatzat, Bizkaibus orokorrean zelan ibili den ikusteko; enpresa bakoitza modu batera edo bestera ibili den alde batera utziz.

Bakar-jokoan tranparik ez egiteko, eta gogoeta zuzenak egiteko, kontuan hartu behar dugu enpresa horietako batzuek bestelako lanak ere egiten zituztela; esate baterako, Transportes Colectivos-ek San Miguelgo anezka egiten zuen, eta Adnor-en eta Lujua-ren lan-kargarik handiena diskrezionalak ziren. Dena dela, datu horiek gorabehera, ez da gauza handirik aldatzen azken emaitza.

Enpresen emaitzak

 

ADNOR

CAVSA

Encartaciones

LUJUA

PESA BIZKAIA

TCSA

GUZTIRA

2012

-416.459

564.174

2.365.920

252.523

1.450.879

1.350.780

5.567.817

2013

-287.948

650.858

1.360.698

320.124

1.795.059

319.320

4.158.111

2014

-213.379

2.157.368

1.388.578

622.456

1.837.140

4.766.277

10.558.440

GUZTIRA

12-14

-917.786

3.372.400

5.115.196

1.195.103

5.083.078

6.436.377

20.284.368

Datu horiek publikoak dira, Merkataritza Erregistroan (Deustun) daude ikusgai edonorentzat.Taulan ikus daitekeenez, gastu guztiak ordaindu ostean (zuzendaritza-gastuak, senideei pabilioiak alokatzeagatik ordaindutako dirua…), Bizkaibus-eko enpresek hiru urtetan 20 milioi euro baino gehiagoko dirutza atera dute etekinetan.

Enpresa guztietan saiatu dira lan-baldintzak okertzen, orain lehen baino gehiago; baina 2012-2014 aldian enpresek dibidenduak banatu dituzte akziodunen artean, adibidez:

Compañía de Autobuses Vascongados 2.500.000 euro

Transportes Colectivos 1.000.000 euro

Encartaciones 5.000.000 euro

Pesa Bizkaia 360.000 euro

Langileen lan-baldintzak, ostera, gero eta txarragoak dira, lanpostuak amortizatzen dituzte, hitzarmenak eta akordioak urratu, lanaldi partzialeko kontratuak egin, lanaldiak zatitu… baina argi izan behar dugu hori guztia helburu bakar batez egiten dutela: mozkinak ugaltzea. Aseezinak dira, gero eta gehiago irabazi gura dute.

Enpresa horiek kudeatzen dute Bizkaibus oraindik. Enpresari horiek dira atarramendu onik ez dela ateratzen esaten digutenak. Gure kontua da hori sinestea edo ez. Guk, behintzat, ez diegu sinesten.