Bizkaibuseko langileek bi orduko greba egin dute

2014/10/03
Bizkaibuseko langileek bi orduko greba egin dute
Erabateko jarraipena izan du sindikatu guztiek gaurko Bizkaibusen deitutako bi orduko lanuzteak. Sindikatuek iaz sinatutako zute akordioa bete dezala exijitu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Aurrera begira, aindikatuek 24 orduko greba deitu dute urriko bederatzi egunetan, urriaren 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an. Eta urriaren 27tik aurrera greba mugagabea.

ELA, UGT, CCOO, USO eta LABen agiria.

Bagenekien hitza haizeak eramaten duela, baina orain jota harriturik gaude ikustean ezta sinaturik dagoena ere ez dutela bete nahi.

1.- Prentsan azken hilabetean ikusi dugunez Bizkaiko Foru Aldundiak ez du ziurtatu zenbait linea mantenduko duenik. Linea horiek itxiko balira, auzune horietako biztanleak kaltetan aterako lirateke, zerbitzuak orokorrean kalitatea galduko zuela, eta lanpostuak amortizatuko lirateke. Urriaren 4ko akordioaren arabera, hiri-lineak (Artxanda, Santa Marina eta Errekatxo) mantenduko ziren, honela zioen testuak:

Hiri-linei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrizketa- eta negoziazio-bideak ezarriko ditu eskudun administrazio eta erakundeekin, hiri-izaerako lineetako zerbitzua ematearren, eta zerbitzuaren beraren jarraipena ziurtatzearren".

Sindikatuok ikusten dugu Aldundiak ez duela betetzen ezta idatzita dagoena ere.

2.- Aldundiak lanpostuak ez amortizatzeko konpromisoa hartu zuen. Konpromiso haren arabera akordioaren sinaduraren datan, 2013ko urriaren 4an, zeuden lanpostuak mantenduko ziren. Baina Aldundiak adierazitakoa ikusita, Bizkaibus zerbitzua berrantolatu nahi du, eta emakidak aldatu; eta abiapuntuko lineak 2013ko abuztuan proposatu zituenak dira, iazko mobilizazioen txinparta izan zirenak. Akordioak lanpostuak ez amortizatzetik blindatzen zituen, eta orain BFAk dio ez duela beteko. Akordioan oso argi dago idatzita:

Gaur egun dauden lanpostuak mantentzeari begira, BFAk lanpostuak amortizatzen ez uzteko konpromisoa hartzen du beregain".

Nolanahi ere, konpromiso hori berraztertzekotan, langileen legezko ordezkariek eta sozietate kudeatzaileek berraztertu beharko lukete adostasunez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren begiradapean.

Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo konpromiso hauek hartu ditu:

Garraio publikoa hobetzeko aukerak aztertzen jarraitzea. Batez ere, Bizkaiko gizarteak eskatzen dituen linea berriak ezartzea, eta dauden lineen maiztasunak eta ibilbideak zuzentzea; eta emakida berrien enkanteetarako oinarri erabili diren aurre-proiektuen entzunaldiko izapidean egindako alegazioetan jaso diren proposamenak eta jaso ez direnak ere bai; batik bat, sindikatuek, gizarte-eragileek, udalek eta alderdi politikoek aurkezturiko eskariak.

Orain ikusten dugu Aldundiak lanpostuak amortizatu gura dituela (200etik gora), eta enplegua suntsitzera 12 milioi euro bideratzeko asmoa duela. Hori akordioaren aurkako eraso zuzena da. Hori gutxi balitz bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du ahaleginik egin garraioa hobetzeko. Hobekuntzari buruzko bileretan zer aztertu den ez dakigu, Aldundiak ez baitigu gaur arte ezer jakitera eman. Argi dago zein geldo eta motela den haren jarrera, eta zein borondate politiko eskasa duen zerbitzua hobetzeko.

3.- Aldundiak azken bileran —irailak 4— esan zuen enpresek ez zutela derrigorrez bete behar iaz hitzarturikoa. Hori langileak eta, oro har, herritarrak engainatzea da. Zertarako sinatu akordioak, betetzeko asmorik ez badu? Orain dio ez dela gauza ziurra enpresek akordioak beteko dituztenik; beraz, hitzartu ziren lan-baldintzak, hitzarmenak eta lan-poltsak zintzilik daude, baliteke ez errespetatzea. Ez diegu utziko.

Akordioak honela dio:

Beraz, banako baldintzak eta kolektiboak langile subrogatu guztiei aplikatu beharko zaizkie, eta enpresa esleipen-hartzaileek alde bakar batetik ezin izango dizkiete baldintzak aldatu, ez osorik, ez zati batean; harik eta emakida berrietan hitzarmen berri bat sinatzen den arte.

Berariaz ziurtatu beharko da aurreko hitzarmenaren lan-baldintzen aurrera-eragina. Eta segurtasun juridiko handiagoa izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak kontratazio-arloko jarraibide tekniko bat onetsiko du, aurtengo urtea amaitu baino lehen, Bizkaibus zerbitzua ematen duten enpresetan indarrean dauden hitzarmen kolektiboen aurrera-eragina bermatze aldera.

Bizkaiko Foru Aldundiak, ahal den zerbitzurik onena ematearren, bermatuko du, harturiko esperientziari esker, kontratazio berriko pertsonala lehenago lan egindako egun-kopuruaren hurrenkeran izatea. Horretarako kontuan hartuko da Bizkaibus-en emakidetan azken 5 urteotan lan egin diren egunak, eta egun gehien metaturik dituena kontratatu behar da lehenengo. Langile bakoitzak lan egin duen emakidetan izango du aukera kontratatua izateko.

4.- Horregatik mobilizazio-egutegi bat egitera beharturik gaude, hurrengo helburuak gogoan ditugula:

# Enpresa berriek akordioa beteko dutela sinatzea.

# Lanposturik ez amortizatzea. Horretarako, Aldundiak bideratu behar ditu 12 milioi euro horiek zerbitzua hobetzera, hobekuntza hori hitzartzea orain edo, bestela, zerbitzua hobetzeko gehienezko epe bat ezartzea. Gainera, gaur egun dagoen lanpostu-kopuruari eutsiko diolako konpromisoa hartu behar du.

# Lanean dabilen pertsonalak benetako subrogazioa izango du hurrengo emakida-hartzaileetan.

Horretarako, hurrengo egutegi hau prestatu dugu:

- Irailaren 24an eta urriaren 1ean: elkarretaratzea foru jauregiaren aurrean, eta gero manifestazioa Iparragirre, 21eraino (Garraio Zuzendaritza).

- Urriaren 3an: 2 orduko lanuzteak goizean, arratsaldean eta gauean (gogoan izan urriaren 4an urtebete egingo dela akordioa sinatu zenetik).

- Urriaren 6 eta 9an: greba-egunak.

- Urriaren 13, 15 eta 17an: greba-egunak.

- Urriaren 20, 21, 23 eta 24an: greba-egunak.

- Urriaren 27tik aurrera: greba mugagabea.

5.- Aurreko guztia gutxi balitz bezala, aldundiaren jarrera kezkagarriarekin batera Bizkaiko Kontratazio Prozeduraren jarraibide teknikoaren aurkako epaia aipatu behar dugu. Izan ere, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Carlos Urquijok errekurtso bat aurkeztu zuen jarraibide horren aurka. Horra hor beste adibide bat, argi erakusten diguna nola estatu espainola tartean sartzen den herrialde honetako erakundeen, alderdien eta gizarte-eragileen erabakietan, lan- eta gizarte-baldintzak hobetzeko asmotan harturiko erabakietan, eta Bizkaiko gizarte-gehiengoaren interesen aurka.

Horregatik, ziurgabetasuna hain handia denez, enpresa kudeatzaile guzti-guztiei eskatzen diegu urriaren 4ko akordioa zuzenean onartzeko.