Ezkerraldea Meatzaldea Bus
Bizkaibusen segurtasun eta prebentzio neurriak eskatzen ditu ELAk

Bizkaibuseko zerbitzua eskaintzen duen Ezkerraldea Meatzaldea Bus enpresan, ELAk gidari batek jasandako erasoa salatu eta halako gertakariak ekiditeko neurri egokiak har daitezela eskatu du, berriro ere. Gertaera horren aurrean, sektoreak bizi duen egoera larria konpontzeko beharrezko aldaketak egin behar dira. Izan ere, azken hilabeteetan gora egin dute Bizkaibuseko langileen kontrako eraso fisiko zein ahozkoek. Ezinbestekoa da arazo hori amaiera ematea.
Ez da lehen aldia Bizkaibuseko zerbitzu gehien kudeatzen dituen ALSA taldeari aurreikuspen eta neurri falta leporatzen diola. Halako erasoak beste linea eta ordutegi zehatz batzuetan errepikatzen ari baitira, eta ez da inolako neurririk ezartzen egoera horiek edo plantillari eragiten dieten beste batzuk saihesteko.
Era berean, kolektibo horren eta beste batzuen lan baldintzak babesteko enpresak ageri duen utzikeria dela eta, BFAko garraio arloari premiazko bilera bat eskatzen diote langileek, lanpostuan osasuna bermatzeko baldintzak sortzeko.