Bizkaiko Aldundiak enpresen etekinen gaineko zerga jaitsiko du, egin behar denaren kontrakoa

2020/06/11
Mikel Noval ELAko azterketa bulegoaren arduradunak txarretsi egin du atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu zen Sozietateen Zergaren jaitsiera; 2019ko irabaziengatik gutxiago ordaindu behar dute enpresek. “Erabakia bidegabea, elkartasunaren aurkakoa eta uneotan egin behar denaren kontrakoa da”, nabarmendu du Novalek.

Sindikalistak salatu duenez, “honelako erabakiek ondorioak izango dituzte, murrizketa sozialak. Konfinamendu egoera betean, Bizkaiko Aldundiak funts kudeatzaile aberatsentzako zergak ere jaitsi zituen, eta orain barkatu nahi die enpresei iazko etekinengatik ordaindu beharrekoa. Patronalak berak ez du eskatu halako oparirik, eta logika jakin baten ondorioz dator, Bizkaia errenta altu, enpresa eta kapitalentzat low cost lurraldea bihurtzeko asmoaren ondorioz”.

Novalek Bizkaiko agintarien hipokrisia nabarmendu nahi izan du: “Esaten dute hau ez dela zerga erreformetarako unea, baina presaka jaitsi dituzte enpresen etekinen gaineko zergak. Beste batean harmonizazio fiskala oso garrantzitsua omen da, baina ziztu batean mozten dituzte enpresa eta kapitalen zergak”. Hain zuzen, ELAko arduradunak galdegin du “behingoz ezar dadila itunpeko zergen inguruko gaiak Eusko Legebiltzarrean erabakiko direla, eta ez gardentasun eta parte hartze sozialerako mekanismorik ez duten Aldundietan”.

Novalek gogoratu duenez, “diru sarrerak gehitzeko zerga erreformarik egiten ez bada aurtengo diru bilketan aurreikusi den jaitsierak -3.000 bat milioi EAE mailan- murrizketa latzak ekarriko ditu. Murrizketak berehala etor daitezke, edota beranduago, euskal erakundeak zorpetuz gero. 2008ko krisiaren ostean ere defizita puztu egin zen diru bilketa urritu zelako, eta sortu zen zorra hainbat murrizketa pairatuz ordaindu genuen, osasungintzan, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta -prestazioetan”. Horregatik, agerikoa da iazko etekinengatik enpresek ordaindu beharreko zergak jaistea krisi honi irtenbide justu bat emateko behar denaren kontrakoa dela.