Bizkaiko Aldundiak gezurra esan du, ratioak aldatzea Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren eskumena dela esanez
Gizarte Ekintzako ahaldun Isabel Sanchez Roblesek joan den asteburuan esandakoa esan arren, Bizkaiko Foru Aldundiak laster batean lizitatu behar duen ohe-hitzarmenaren orrietan, non aurrekontu-sail oso handia esleituko duen, ratioak gorantz aldatu ahal izango ditu, hau da, Bizkaiko zahar etxeetako 11.000 egoiliarrei arreta ematen dien gutxieneko pertsonala handitu dezake.
Joan den mendeko Eusko Jaurlaritzaren dekretu hori zaharkiturik geratu da, eta hala onartzen dute alderdi guztiek, baina era berean hobetzeko modukoa da, Gipuzkoan egin zuten bezala, legea urratu barik. Behar diren gauza bakarrak borondate politikoa eta aurrekontu-saila dira. ELAren iritziz legez kontrakoa izango zen baldintza-orrietako ratioak Eusko Jaurlaritzaren dekretuarenak baino txikiagoak izatea, baina inolaz ere maila handiagoetan ezartzea.
ELAk eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari ez begiratzeko gehiago beste aldera, dagokion ardura beregain hartzeko, eta egoitzetako langileen lan-baldintzak eta adineko jendearen arretaren kalitatea hobetzearen alde agertzeko.
Bitartean, patronalak oso eroso sentitzen dira, gatazkak dirauen artean aldundiaren babesa izango dutelakoan. Adibidez, greba-egunetan aldundiak ez die gutxitu plaza/prezioa egoitzei, pertsonal gutxiago ordaindu behar izateagatik; beraz, patronalak dirua irabazten ari dira grebaren kontura. Bestalde, patronaletako batek sektore-hitzarmena amaitutzat jo dezan arriskua ikusita, ELAk ekinean jarraituko du, eta ildo horretatik dei egin die sektoreko hiru patronalei, datorren asteartean, hilak 15, bilera egiteko, haietako bakoitzaren ikuspegia aztertzeko, eta egoitzetan dagoen gatazkari oraingoak ez bezalako irtenbideak bilatzeko.
Horiek horrela, ELAk iragartzen du hurrengo egunetan batzarrak egingo direla ordezkariekin, langileekin eta grebarekin bat datozen elkarteekin, mobilizazioak erabakitzeko, oraingo egoera aldatzeko, adierazitako puntuak jasoko dituen hitzarmena sinatzeko, eta egoitzetako plantillak ugaltzeko.