Bizkaiko aldundiaren menpeko egoitzetan murrizketak

2010/09/24
2009ko amaieran hasi ziren murrizketak langile-ordezpenetan Gizarte Laguntzako Foru Institutuan. Aurrera joan ahala, langileak ez ordezteko politika finkatuz joan zen.

“Kontatzen ez digutena…” izeneko kanpaina abiatu du ELA sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko egoitzetan, helburu bikoitza duela; batetik, egoiliarren senideei jakinaraztea adineko eta ezinduentzako zerbitzua gero eta txarragoa dela, eta bestetik, jendaurrean salatzea egoitzetako langileen lan-karga itzela eta jasangaitza dela.

2009ko amaieran hasi ziren murrizketak langile-ordezpenetan Gizarte Laguntzako Foru Institutuan. Aurrera joan ahala, langileak ez ordezteko politika finkatuz joan zen, eta orain Foru Institutuko Zuzendaritzak ondo erroturik dauka ohitura hori.

Bitartean, langileok gainkarga hori eraman behar izan dugu bizkarrean; baina, senperrenak egin arren, zerbitzuaren kalitatea ez da lehenagokoa. Ondorioz erabiltzaileak ere ateratzen dira kaltetan. Lana egin egiten dela sinestarazi nahi digute, baina erabiltzaileei ez zaie kasu egiten haiek merezi duten bezala.

Kontatzen ez digutena... zera da: langile-kopurua txikiagoa da, eta horren ondorioak langileek berek eta erabiltzaileek pairatu behar dituzte. Eta erabiltzaileak, ez ahaztu, adinekoak eta ezindu psikikoak dira.

Kontatzen ez digutena... zera da: aisialdiko eta hezkuntzako jarduerak gutxiago dira.

Kontatzen ez digutena... zera da: erabiltzaileen arteko tirabirak ugaldu dira, begirale gutxiago dagoelako.

Kontatzen ez digutena... zera da: komun batzuk ez daude egoera onean.

Kontatzen ez digutena... zera da: gutxiagotan aldatzen zaie gorputz-jarreraz, eta batzuetan ez dituzte ohetik jasotzen.

Kontatzen ez digutena... zera da: paseoan gutxiagotan ateratzen dituzte; hori dela-eta, egoiliarrak urduriago egoten dira.

Langileok profesionalak gara, eta ez gaude prest kalitate eskaseko zerbitzua ematen jarraitzeko. Gure erabiltzaileak ez dira krisiaren errudunak, haiek ez dute erantzukizunik Bizkaiko Foru Aldundiaren dirua beste sail batzuetara bideratzen delako.

Horregatik gara arranguran aspalditik, eta gure egoera hau jendaurrean salatzen. Lan egiteko baldintzak duinak izan behar dira, eta ematen dugun zerbitzua kalitatezkoa. Egoiliarren senideek eta Bizkaiko gizarteak egia osoa ezagutu behar dute: Aldundiak dirua aurrezten du, baina gure adinekoen eta menpeko pertsonen egoitzen kontura.

Ez utziezu ziria sartzen! Aurrezten baino hondatzen ari dira zerbitzu on bat eta gure etorkizuna.