Bizkaiko autoeskoletako greba beste astebete luzatuko da

2022/02/25
Gaur, otsailaren 25ean, amaiera emango zaio otsaileko grebaren lehen asteari. Sektoreko langileek egiten duten hogeita bederatzigarren greba eguna da, ekainean mobilizazioen eta greben dinamika martxan jartzea beste aukerarik izan ez zutenetik, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari aurre egiteko. Izan ere, patronalak negoziatzeko borondate falta nabarmena erakusten jarraitzen du. Jakinarazi zenez, otsailaren 9an APAVI patronalari kontraproposamena helarazi zion sindikatuak, eta bilera egiteko deia egin zitzaion patronalari, jarrerak hurbiltzeko eta akordioak lortzen saiatzeko. Patronalak batzarkideekin bilera egin ondoren, martxoaren 2an bazkideekin bilduko dela adierazi zion sindikatuari, eta ordura arte ez zela ELArekin bilduko, greba astea igaro arte edozein erantzun atzeratuz.

Gaur arte, APAVIk ez du inolako interesik adierazi gatazka bideratzeko. ELAren kontraproposamena baloratzeko, aztertzeko eta bazkideekin egin beharreko bilera kudeatzeko denbora nahikoa izan duenez, ez egitea erabaki du. Argi dago ELA gatazka bideratzeko etengabeko mugimenduak egiten ari den bitartean, patronalak negoziazioa blokeatzen eta denboran luzatzen jarraitzen duela.

Beraz, langileek mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki dute, martxoaren 1,2,3 eta 4rako greba egunak deituta, martxoaren 2ko bazkideen bilerarekin bat eginez. Hilaren 1ean egun osoan zehar egingo dira elkarretaratzeak, eta ondoren, aste osoan zehar mobilizazio gehiago izango dira; zehazki, asteazkenean, hilak 2, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa egingo da.

APAVIk martxoaren 2rako deitutako bazkideen ezohiko bilkuraren bilerari dagokionez, ELA sindikatuak honako hau eskatu nahi die elkartutako autoeskolei: Sindikatuak egindako azken proposamena aztertzea, akordioa erraztuko lukeen proposamena da; martxoaren 2ko bileran ELArekin biltzearen alde agertzea; eta ELAk aurkeztutako proposamenaren baldintzak kontuan hartzearen alde agertzea, akordio batera iritsi ahal izateko eta gatazkari amaiera emateko.

Patronalak ez badie erantzuten planteatutako eduki espezifikoei, agerian geratuko da berriro jarrerak hurbiltzeko borondaterik ez duela, eta are gehiago indartuko ditu hurrengo greba egunetarako deialdirako arrazoiak.