Bizkaiko egoitzetako sektoreko grebak langile gehienen erantzuna lortu du laugarren egunean

2016/04/27
ELAk, grebara deitu duen sindikatuak, oso ondo deritzo grebaren laugarren egunaren bilakaerari Bizkaiko egoitzetan, eguneko zentroetan, etxebizitza komunitarioetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan. ELAk langile guztiak zoriontzen ditu, grebaren arrakastagatik, Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren; horregatik, hain zuzen, greba-eskubidea erabili nahi zuten langile askok ezin izan dute beren eskubidea erabili. Gainera, aipatu beharrekoa da patronalak, deialdi honetarako, gutxieneko zerbitzuak are gehiago ugaltzeko eskatu zuela.

Grebaren eraginpeko sektorean 5000 langilek dihardute, eta egoitza handietan erabateko erantzuna lortu da (Cesar Artxanda egoitza, Igurco eguneko zentroak, Erruki-etxeko egoitza, Gurena Aulaga, Igurco Unbe, Conde Aresti egoitza, Miravilla egoitza, Gazteluondo egoitza, Sanitas Barakaldo egoitza, Sar Quavitae egoitza, Miranda Fundazioa, Orue egoitza, Aita Menni egoitza, JM Azkuna egoitza, Astarloa egoitza, Abeletxe egoitza, Calabria egoitza, Aspaldiko egoitza, Otxartaga egoitza, Atsoa egoitza, Albiz Sestao egoitza, Marcelo Gangoiti, Pilar egoitza, Txurdinagabarri egoitza, besteak beste); zentro txikiagoetan erantzuna ugari-ugaria izan da, Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan badira ere (pertsonalaren %60), eta hortaz, langile askok ezin izan dute beren greba-eskubidea erabili, ezta beren lan-baldintzak babestu ere.

Grebaren arrakasta eta guzti, patronalak bere horretan jarraitzen du, otsailaren 12ko azken bileratik ez du mugimendurik egin: soldatak jaitsi, lanaldia luzatu, eta lan-baldintzak are gehiago malgutzeko eta prekarizatzeko testuak sartu. Patronalaren irmotasun horren adibide gisa zera aipa daiteke: ELAk, ordezkaritzaren %66 izanik, egindako hiru eguneko greba-deialdiaren aurrean, sektoreko hiru patronalek ez dute ezta bilera-deirik ere egin negoziazio-mahairako..

Halaber, ELAk Bizkaiko Foru Aldundiaren geldotasuna eta patronalen ikuspuntuekiko hurbiltasuna salatzen du. Izan ere, zerbitzu horren ordaintzaile eta finantzatzaile izan arren, ez du bilera-deirik egin konponbide bat bilatzearren; alderantziz, patronalei babesa ematen jarraitu du. Patronalekin, ordea, bai egiten dituela bilerak Aldundiak. Patronal horiek tarifak igotzea espero dute hurrengo ohe-esleipenerako; baina, aldi berean, beren langileei lan-karga jasanezinak eta baldintza prekarioak leporatzen dizkiete.

ELAk hiru greba-egun gehiago ditu deituak, apirilaren 27, 28 eta 29rako; eta honez gero hiru greba-egun eginak ditugu. Helburuak oso argi dauzkagu: astean 35 orduko lanaldia pribatizaturiko sektore publiko batean, soldata-igoera duina, baja-egoeraren hobekuntza, lizentziak eta baimenak, lan-kargak eta ratioak berraztertzea, eta itundutakoaren aplikazioa bermatzea. Borrokan jarraituko dugu helburuak lortu arte.

Bestalde, ELA izugarri harritu da ikustean gainerako sindikatuek ez dutela bat egin greba-deialdiarekin. ELAk sektoreari buruz egin duen analisia haiek ere berengain hartu dute; baina gero ez dute greba bultzatu. ELAn ziur gaude, datozen greba-egunei begira, beste sindikatuek jokabide hori zuzenduko dutela.

Sektoreko langileentzat eskaintza on eta argi bat izan ezean, ELAk ohartarazten du gatazka areagotuko dela, eta mobilizazioak ugalduko direla, hurrengo egunetan iragarriko den egutegiaren arabera.