Bizkaiko Elizbarrutiko ikastetxeetako langileek soldata murrizketak salatu dituzte gotzaitegiaren aurrean

2010/11/11
Bizkaiko Elizbarrutiko ikastetxeetako ehun langile eta langile ordezkari inguru bildu dira gaur goizean Bilboko gotzaitegiaren aurrean aplikatu dizkieten soldata murrizketak salatuz

Itunpeko Irakaskuntzan %67ko ordezkaritza duen ELA sindikatuak behin eta berriro salatu duen moduan, itunpeko patronalek, eta kasu honetan baita Bilboko gotzaitegiak ere, Eusko Jaurlaritzak egin dien finantzazio murrizketek euren kontuak ez dizkietela ukituko erabaki dute eta murrizketaren pisu osoa langileei ordain araziko dietela erabaki dute. Honek sinaturiko lan-hitzarmena aldebakarrez haustea suposatzen du eta langileek duten negoziazio kolektiborako eskubidea larriki urratzen.
Patronal ezberdinak gogor saiatzen ari dira ardurak kanpora bideratzen, murrizketak aplikatzea beste biderik ez zaiela geratzen sinestarazten eta langileek beren eskubideei uko eginez murrizketak otzantasunez onar ditzaten. ELAk ordea, administrazio publikoan egindako murrizketak gogor salatu eta uztailean legea errekurritu zuen moduan, oraingoan ere ez du onartzen itunpeko irakaskuntzan diharduten langileei inolako murrizketarik inposatzea. Gatazka Kolektiboa abiatua dago eta langile bakoitzak egin beharreko diru erreklamazioak ere bai.

Orain patronalek murrizketen eragina estali asmoz Eusko Jaurlaritzak 2010erako emandako 0,8ko soldata igoerak modu pilatuan ordaintzeko agindua eman dute. Murrizketek ordea bere horretan diraute eta 2011rako murrizketa oraindik ere larriagoak aurreikusten dituzte. Ez dute beraz atzera pausorik emateko inongo keinurik egin.

Egoera hau izanik, ELAk Itunpeko Irakaskuntzako langileak eraso hauei aurre egiten jarraitzera animatzen ditu eta aurrera eramango dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen.