Bizkaiko Epaitegietako Garbiketa zerbitzuan akordioa lortu du ELAk soldata arrakalarekin amaitzeko

2022/04/28
Martxoaren 21ean hasi zuten greba mugagabea. Akordioarekin ELAk soldata arrakala murriztea lortu du, bai soldatetan, bai kontratu partzialetan. Ia 2.500 eurokoa zen epaitegietako garbitzaileen eta balio bereko kale garbiketak egiten dituzten Gipuzkoako sektore maskulinizatuaren artean. Martxoaren 21ean hasitako grebari esker, alde hori murriztea lortu dute hiru urtetan, 2022tik 2024ra.

Sacyr Facility S.A.U enpresaren bidez azpikontratatutako Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek akordioa lortu dute, eta, horrela, baita kolektiboaren genero soldata arrakalarekin amaitzeko helburua lortu ere.
Era berean, kolektiboaren aldarrikapenen artean honako hauek zeuden: lanaldi partzialeko kontratazioa duintzea, ia esklusiboki emakumeei zuzendutako kontratazio mota izaki, eta lanpostu hutsuneak betetzeko eta lan poltsak sortzeko konpromisoa. Akordioaren barruan sartzen dira, halaber, akordioaren ultraktibitate mugagabea, adostutako baldintzak ez aplikatzea eragozten duten klausulak, eta lan baldintzen funtsezko aldaketa dakarten prozedurak aplikatzeko ezintasuna.
ELAk langileak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik. Borroka hori beste urrats bat da feminizatutako sektoreek jasaten duten diskriminazioaren aurka. Borroka horrek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen sektorialaren negoziazioan ere hainbat erreferentzia ezartzen laguntzen du, eta, Guggenheimeko langileena kasu, ELAren garbiketako soldata arrakalaren aurkako kanpainaren barruan kokatzen da.
Azkenik, sindikatuak aipatzen du garbiketako beste langile batzuk ere, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiko zentroetakoak, Bermeoko eta Gorlizko udaletako garbitzaileak, besteak beste, greban daudela helburu berarekin.