Bizkaiko eraikuntza alorreko mahai negoziatzailea kinka larrian
2012/02/27
ELAko ordezkariak Bilbon elkarretaratu dira gaur goizean eraikuntza alorreko Estatu mailako lan hitzarmena salatzeko. Hitzarmen honek kinka larrian jartzen du Bizkaiko mahai negoziatzailea. Estatu mailako lan hitzarmena iragan otsailaren 20an sinatu zuten Madrilen UGT eta CCOO sindikatuek, sektore honetako patronalarekin.
Bizkaiko lan hitzarmenak 20.000 langileen lan baldintzak arautzen ditu, eta CCOO sindikatuak mahai negoziatzailea deitzeko erakutsi duen gogo eza kontutan izanik, ELAk bere gain hartu du ardura hori. (CCOOk gehiengoa du sektore honetan Bizkaian). Bere aldetik, patronalak bat egin du sindikatu espainiarren jarrerarekin, eta Bizkaiko mahai negoziatzailearen osaketa oztopatzen ari da.