"Patronal batek esan zigun gure soldata nahikoa dela gure senarraren soldataren osagarria delako" #erresidentziakborrokan

2017/08/24
Bizkaiko erresidentzietako langileek lan esparruko borroken inguruan hausnartzeko aukera izan dute Segoviako Udako Unibertsitate Antikapitalistak antolatutako tailer batean. Bertan, 5000 emakumez osaturiko kolektibo honi inposatutako prekarietateaz luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dute. Lan gatazkaren izaera aspaldi gainditu duen borroka sozial honen nondik norakoak argi azaldu dituzte. Emakume izateagatik ere isilik eta prekario nahi dituztela irmo salatu dute.

Hona hemen euren ekarpenaren ildo nagusiak:

 5000 emakumez osaturiko kolektibo baten parte gara, azpikontratatutako sektore baten gatibu. Bizkaiko erresidentzietan egiten dugu lan, Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz hornitzen dituen azpikontratatuko zahar egoitza prekarioetan, hain zuzen ere. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak bere interes politikoetara lerrokatutako enpresak azpikontratatzen ditu, langileon lan baldintzak eta adinekoen zaintza duinerako eskubidea aintzat hartzen ez dituzten enpresaburu lagunei diru publikoa emanez.

Jarraian, gure errealitatearen berri ematen saiatuko gara:

  • Abiapuntu nagusia honako hau da: Bizkaiko zahar-egoitzen zerbitzua Gobernuaren ildo politikora lerrokatutako enpresei azpikontratatzen zaie. Enpresaburuei ez zaie exijitzen, ordea, zerbitzu duina eskaintzea eta langileei lan baldintza duinak bermatzea.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde osoan dauden 7500 oheen 5500 finantzatzen ditu.
  • Azken urtean hiru erresidentzia handi ireki berri dituzte, hortaz, argi dago enpresaburuentzat negozio hau gero eta errentagarriagoa dela.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak hasieratik baieztatu du ez dela euren ardura, baina praktikan, bera da langileriaren egoera arautzen duena, enpresei baldintzak jartzen dizkiena eta azken horiei ditu publikoz ordaintzen diena.
  • BFAk uko egin dio ELArekin biltzeari (azken bilera otsailaren 14an izan zen). Asko izan dira, ordea, sindikatuak egindako bilera eskaerak.
  • Otsailean bertan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak baieztatu zuen gatazka hau berehala konponduko zela. Apirilean, berriz, gatazka hau beste urtebetez luzatu behar bazen, hala izango zela ziurtatu zuen.
  • Patronalek miseriara kondenatzen gaituzte. Amaierarik ez duten lanaldi luzeetan dihardugu, betiere, hilean 1000 euro inguru jasota. Gure eskaerak oso oinarrizkoak dira: 1200 euroko soldata, 35 orduko lanaldia eta langile gehiago lana modu duinean garatu ahal izateko eta erabiltzaileei zerbitzu duina eskaini ahal izateko.
  • Gizartearen gehiengoak bat egiten du gurekin: erresidentzietan erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua ez da duina, langileak falta direlako.
  • Enpresek gero eta etekin handiagoak dituzte: zahar egoitza bakoitzeko urtean milioika euro jasotzen dituzte.
  • Senideak ari dira zama euren gain hartzen dirua xahutzen duten bitartean eta enpresaburuak aberasten diren bitartean. Senideak gure alde daude, mobilizatu ere egiten dira gurekin batera. Talde feministak, zenbait alderdi politiko, pentsionistak, auzotarren elkarteak…. Babes handia eta anitza jaso dugu. Izan ere, lan esparrua gainditzen duen gatazka da hau: gizarte eta zerbitzu sozialen eredu duina eraikitzeaz ari gara.
  • Etengabeko errespetu faltak jaso ditugu patronalen aldetik. Gure soldata, gure senarren osagaia besterik ez dela esan digute.
  • Bizkaiko erresidentzia handiena kudeatzen duen kudeatzaileak hitzarmena sinatzea galarazten ari da. Bitartean, bere enpresak diru publikoaren %80 jasotzen du eta berak zuzenean kudeatzen duen zahar egoitzak 1.200.000 euroko etekinak ditu urtean, betiere, diru publikoari esker eta langileon lan baldintza kaxkar eta erabiltzaileen eskubideen lepotik.