Bizkaiko erresidentzietako grebaren helburua da denen duintasuna bermatzea, erabiltzaileena zein langileena

2016/09/15
Bizkaiko erresidentzietan bi asteko greba deitu duen ELA sindikatuak adierazi du orain arte izandako 18 greba egunen eta datorren astean hasiko diren 14 egunen helburua pertsona guztien duintasuna bermatzea dela, erabiltzaile zein langileena alegia. Sindikatuak horrela erantzun dio Bizkaiko Diputatu Nagusiari, Unai Rementeria, honek esan baitu erresidentzietako erabiltzaileen duintasuna greba eskubidearen gainetik dagoela.

Hain zuzen gaur hedabideetan agertu den Foru Aldundiaren txosten batek goitik behera gezurtatzen du Gizarte-Ekintzako ahaldunak errepikatu izan duena, hots, grebak ez zeukala ondoriorik erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuan.

ELAk salatu du egoitzetako beharginak eta erabiltzaileak aspaldidanik ari direla pairatzen aurrekontu murrizketak, eta hauek lan-baldintza txarrak eta zerbitzuan akatsak eragiten dituztela; egoera honen ardura Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio; izan ere, sektore soziosanitarioa pribatizatutako zerbitzu publiko bat baita, baina Aldundiak %70ean finantzatzen duena; haatik, erakundeak ez du gatazka bideratzeko ezer egiten.

Esaterako, gaur arte Gizarte Ekintzako diputatuak ez dio erantzunik eman sindikatuak joan den azaroan luzatu zion bilera eskariari, eta patronalei eta hauen irabaziei babesa ematen die, erabiltzaileen arretaren eta lan-baldintzen kaltetan.

Halaber, ELAk jakin nahiko luke zer deritzen Diputatu nagusiak gaur argitaratutako datuei, izan ere, hauek agerian uzten baitute soldata eta lan-baldintzetan azpikontratatutako egoitzetako langileek jasaten duten diskriminazioa (lan bera egiteko pertsonal urriagoa, ordainsarietan %60 gutxiago, zenbait kasutan, eta lanaldian, berriz, urtean 106 ordu gehiago), eta Bizkaian enpresek lortzen dituzten etekin itzelak.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzuak gehitzeko eskatu diolarik, ohartarazi behar da gatazka ez dela zerbitzu horiek areagotu eta langileen greba eskubidea zanpatuta konponduko; aitzitik, gauza ondo amaitzeko alde biok mahai baten inguruan jarri eta akordio batera iristea ezinbestekoa da, lan-baldintza duinak eta erabiltzaileentzako kalitatezko zerbitzua bermatuko bada.