Bizkaiko erresidentzietako langileek kalejira egin dute Bilboko zazpi kaleetan grebaren laugarren egunean

2022/12/21
San Tomas eguna dela eta, Bizkaiko erresidentzietako langileek Bilboko alde zaharrera eraman dute protesta. 11:00etatik aurrera marea berde jendetsua eta goiz osoan zehar kalejira Bilboko zazpi kaleetan zehar egin dute, bertan zeuden pertsonen babesa jaso dutelarik.

Greban dauden langileek oso argi dute mobilizazioaren intentsitatea ez dutela jaitsiko, eta, horregatik, mobilizazioek gora egitea erabaki dute, enpleguaren hitzarmenaren alde egiteko, soldatak GUFEko lankideekin parekatzeko, eta pertsonak negozioaren aurretik lehenesteko.

Soldata hobekuntzetan sakontzea, langileen %95 mugagabea eta lanaldi osokoa izatea, enpresek bajak lehen egunetik ordezkatzea eta gaixotasun arruntagatiko bajetan %100eko osagarria bermatzea, eta arrisku psikosozialen eta arrisku biologikoen prebentzioan benetako aurrerapenak lortzea dute helburu.

Era berean, bateragarritasunaren arloan aurrera egitearen garrantzia nabarmentzen dute langileek, ordaindutako lizentzia pertsonaletan hobekuntzak lortzea, atsedenaldietan eta jaiegunetan hobekuntzak ezarriz eta 60 urtetik gorakoentzako borondatezko lanaldiaren murrizketa izatea %100eko kotizazioa mantenduz.

Bihar, asteko grebaren bosgarren eguna izango dute Bizkaiko erresidentzietan. Ibaizabal-Nerbioi eskualdera joango dira eta 10:00etan Basauriko Bidebieta egoitzatik Kale Nagusiko Gizarte Antzokira manifestazioa egingo dute.