Bizkaiko erresidentzietako langileek eta egoitzetako erabiltzaileek elkarrekin salatu dute bizi duten prekarietatea Bilboko udaletxean aurrean

250 greba egunen langa gaindituta, langileek jarraitzen dute Aste Nagusian euren gatazka gizarteratzen eta babesak jasotzen. Helburu hori medio, Bilboko udaletxearen aurrean kontzentrazioa egin dute. Hortaz gain, dagoeneko izan dira, besteak beste, txupinazoan, txoznatan eta baita Txikigunean ere. Horrez gain, datozen egunetan kontzertu eta barraken guneetan ere arituko dira euren gatazkaren berri ematen.
Bidea, ordea, ez da erraza izaten ari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak trabak besterik ez ditu jarri, jai gune izendutako eremuan mobilizazio oro galaraziz.
Gaurkoan ere, zahar-etxeetako langileek baieztatu dute tinko mantenduko direla gizarte osoarentzat ezinbestekoa den zerbitzu honek izan beharko lituzkeen oinarrizko lan-baldintza duinak eskuratu arte. Honako hauek dira euren aldarrikapen nagusiak: 1200 euroko soldata; 35 orduko lanaldia astean; eta ratioak handitzea, alegia, langile gehiago kontratatzea bertako erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko.