Elkarretaratzea

Bizkaiko Esku-Hartze Sozialak arreta eredua eta lan baldintzak hobetzeko eskatu dio Aldundiari

2023/02/23
'Hirugarren sektorea arriskuan, funtsezkoena defenda dezagun' lelopean, ELAk hirugarren sektoreak administrazio publikoen aldetik jasaten duen utzikeria salatu du gaur. Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzaren aurrean, 19:00etan, izan da mobilizazioen hirugarren eguna. Egiturazko irtenbideak eskatu dizkio Bizkaiko Gobernuari, bai eta negoziazio mahaian langileen aldarrikapenei jaramon egitea.

Bizkaiko Esku-Hartze Sozialeko sektorean dauden arazoak premiazko neurriak behar dituela deritzo Euskal Sindikatuak. Aldundiaren arreta eredua eta plantillaren lan baldintzak onartezinak direla gaitzetsi du ere. EAE osoan adingabeentzako zentroen sare publikorik ez egoteaz gain, aldundiek pribatizazioaren alde egiteak eta plantillen hitzarmenak eguneratu nahi ez izateak sektorearen egoera kaltetu du.

Hitz hutsak

Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalek eta Eusko Jaurlaritzak beraiek martxan jarri dituzten gizarte politikak goraipatzen dituzten bitartean, sektoreko ehunka langile egoera prekarioan jardun direla kritikatu sindikatuak. Langile gutxi daude, egutegi onartezinak dituzte, ratioek arautu gabe jarraitzen dute... eta bitartean, Administrazioak murrizketak eta itxierak aplikatzen jarraitzen du, beharrezkoa den aldaketari bizkarra emanez.

Horregatik, langileek eskatu egin diete erakunde publikoei egiturazko irtenbideak emateko. Erosahalmena berreskuratzea ezinbestekoa dela esan dute, bai eta lan osasunaren arloko neurriak hartzea (babes bereziko jarduerak, arrisku psikosozialak, lan-kargak...) eta enpleguaren egonkortasuna ziurtatzea. Hamalau hilabete daramatza ELAk horiek guztiak eskatzen negoziazio mahaian, eta borrokan jarraituko du, langileek merezi dutena lortu arte.