Bizkaiko eta Gipuzkoako Merkataritzako langileak greba arrakastatsua egiten ari dira Black Friday egunean

Hainbat mobilizazio eta bilera eginagatik ere, patronalak bere horretan jarraitzen du eta langileek soldatak izoztuta dituzte. Hain zuzen, enpresen mozkinek gora egiten jarraitzen dutenean, online salmentak inoiz baino gorakada handiagoa dutenean, eta lan kargak eta funtzioak biderkatzen ari direnean. Lan baldintzak, ordea, gero eta okerragoak dira eta patronalaren asmoa da bajen osagarri gisa lortutako eskubideak ezabatzea, besteak beste.
Langileak ez daude prest egoera hori onartzeko. Soldatak KPIaren igoeraren arabera igotzea aldarrikatzen dute, lan kargak arintzea eta online salmentaren ondorioz garatzen dituzten beste funtzioak aitortzea eta ordaintzea. Azke hori lortu da, esaterako, Arabako hitzarmenean ELAren borrokari esker. Era berean, ELAk eskatzen du kontratu prekarioenekin amaitzea, gehienak lanaldi partzialekoak baitira. Lanaldi osoak, kontratu eta soldata duinak behar eta merezi dituzte merkataritzako langileek.
Gainera, azaroaren 25a den honetan, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea aldarrikatzen den egunean, azpimarratu behar da kolektibo feminizatuek sufritzen duten prekarietatea ere indarkeria dela. Bigarren mailako langiletzat hartzen dituzte eta prekaritatera kondenatu.
Horregatik guztiagatik, mobilizazio eguna dute bai Gipuzkoan, bai Bizkaian. Goizean goizetik aritu dira langileak piketeak egiten merkatal zentro nagusietan, eta arrakastaz ari dira mobilizazioetan. Are gehiago Black Friday eguna dela kontuan izanda.