Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) mobilizatu da 7 urte luze daramatzatelako hitzarmen eta hobekuntzarik gabe

2022/11/24
Bizkaiko ELZko langileek manifestazioa egin dute gaur Ortuellan, hitzarmenik gabe lanean daramatzaten zazpi urte luzeak gaitzesteko. Mobilizazioarekin bat egin du, babes modura, egunotan greban dagoen Bizkaiko zahar-etxeetako plantillak ere.

Hitzarmenik ez izateaz gain, Bizkaiko ELZko plantillak onartezinak diren lan-baldintzak pairatzen ditu. Egoera, gainera, okerrera egiten ari da. Horregatik, ELAk hainbat eskaera egiten dizkie erakundeei: langileen erosahalmena berreskuratzea; enpleguaren egonkortasuna bermatzea, lanaldi osoko kontratu mugagabeen bitartez, adibidez; kontziliazioa ziurtatzea —lizentziak direla, ordutegi trinkoak direla...—; eta lanorduak areagotzea, gutxienez, lan egindako denbora tarte minimoa ordubetekoa izan dadila.

ELAk uste du aldarrikapen horiek oinarrizkoak direla, baldin eta benetan hobetu nahi badira geroz eta pribatizatuago dagoen sektore honetako zerbitzuak eta lan baldintzak. Onartezina da Udal askoren zerbitzu-murrizketa, eta horiek begirunez ikustea sektoreko lanaldi partzialen handitzea, bai eta enkanteak balira antolatzen dituzten lizitazio publikoak. Are larriagoa da, gainera, lizitazioon aurrekontuak handituta ere, euro bakar bat ez bideratzea zerbitzua edo lan-baldintzak hobetzera.

Horregatik, ELAk sektoreko langileei dei egiten die azaroaren 30ean, goizeko 9:30ean, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean kontzentratzera. Aldarrikapena argia da: zaintza-sektorearen kudeaketa goitik-behera aldatzea, kalitatezko gizarte-zerbitzuen alde egingo duena eta lan-baldintza egokiak bermatuko dituena.