Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzan greba deitu du ELAk, otsailaren 13tik 17ra

2023/01/26
Udal, mankomunitate eta patronalen pasibotasuna salatu nahi du Euskal Sindikatuak. 2016tik ez diete Hitzarmena berritu langileei, profesional gehienak emakumezkoak diren sektore honetan.

Zazpi urte luze dira sektoreko Hitzarmena berritu ez dutela. Zazpi urte luze 1500 langileren lan baldintzak eta soldatak izoztuta daudela. Ezin da horrela jarraitu.

Hitzarmenaren inguruko negoziazioak blokeatu egin ditu patronalak, eta Bizkaiko administrazio publikoek onartu egin dute hori. Urtero haziz doaz administrazio horiek lizitazioetan emandako diru partidak (% 23 baino gehiago, 2016tik hona) eta, enpresek milioiak irabatzen dituzten bitartean, langileen lan baldintzek txarrera egiten jarraitzen dute.

Zainketaren negozioarekin lortutako mozkinak jasotzen jarraitu nahi du patronalak eta, ildo horretatik, bere proposamenak bere horretan jarraitzen duela adierazi du: soldata % 3,6 igotzea, 2025era arte. Nahiz eta 2016tik 2022ra bitartean erosahalmenaren galera % 16,60koa izan den. Errealitatetik erabat urrundua bizi da patronala eta ez die langileen eskaerei erantzuten. Ordean, beste behin, langileek erosahalmena galtzearen alde egiten du eta plantillei lan baldintza duinak ukatzen jarraitzen dizkie.

ELArentzat oinarrizkoak dira erosahalmena berreskuratzea, egonkortasuna (lanaldi osoko kontratu mugagabeak…), hobekuntzak kontziliazioan (lizentziak, zerbitzuak multzokatzea…) eta zerbitzu orduetan, gutxienez, ordubete kontatzea, lanak gutxiago badirau ere.

ELAk salatu nahi du Udalek, mankomunitateek eta EUDELek guztiz ahaztuta dituztela Etxez Etxeko Laguntzako langileak, eta hiritarrei kalitatezko gizarte zerbitzuak eman beharrean, merkantilismoa eta negozioa ahalbidetzen dutela, erabiltzaile eta langileen kaltetan beti.

Horregatik, Udal eta mankomunitateei eskatzen die ELAk kudeaketa sistema erabat irauli dezaten, eta zainketak eta plantillen lan baldintzak hobe ditzaten

Deialdi berri honekin, guztira, 68 greba egun izango dituzte eginak Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza sektoreko langileek. Eta greba egun gehiago izango dira, ez bada Udalek, mankomunitateek eta EUDELek (zerbitzuaren ordaintzaileak eta kalitatea bermatu behar duten arduradunak) lan baldintza duinak ziurtatuko dituen Hitzarmena sinatzera behartzen badituzte azpikontratatutako enpresak.