Bizkaiko Foru Aldundiaren negoziatzeko gogo urria salatu dute ELAk eta LABek.

2004/03/23

Bizkaiko Foru Aldundiko ELA eta LAB sindikatuok 2004ko foru langileen lan hitzarmenaren negoziazio prozesua irekitzeko Diputazioak duen borondate eza salatzen dugu.

Iragan den Otsailaren 8an, zioen azalpena adierazi ondoren, enplegatu guztien lan baldintzen negoziazio mahaia irekitzeko eskatu genion Funtzio Publikoko Zuzendaritzari, eta baita negoziazio hori burutzeko bilera-egutegiaren aurkezpena ere.

Eskaera zehatz honi erantzunik eza ikusirik, Martxoaren 8an berretsi genien aipatu eskabidea, non, bigarren aldiz, eskatzen baikenien langileen lan hitzarmena negoziazio prozesuaren irekiera.

Sektore mailako mahaia (EUFALEBA) dagoela erantzuteak ez du zentzurik, zeren ondo baino hobeto baitakite, gure eskaera oso argia delako, non negoziatu nahi dugun. Azken finean, eredugarri izan behar zuen instituzio batengan inpropioak diren eragozpen luzatzaileak erabili baino ez dira egiten ari.

Jokabide honekin langileen ordezkariei ukatzen zaigu gure lan baldintzak arautzeko akordioetara ailegatzeko asmotan negoziazio kolektiborako dugun eskubidea, antza denez, akordio politikoak berreditatzen saiatzeko, 2002 eta 2003ko urteetako lan baldintzak arautzeko dekretukadan egin zuten bezala, gure partehartzea ukatuz, berriro ere, gure lan baldintzen negoziazioan.