Bizkaiko garbiketa hitzarmenaren aldeko greba jarraipen zabala izaten ari da

2022/05/10
ELA, LAB eta ESK sindikatuek aldarrikapen kalejira deitu dute hiru greba egunetako lehenengoan, 16.000 eurora iristen ez diren soldatekin eta lanaldi partzial orokortuekin lan-baldintzak hobetzeko.

Bizkaiko eraikin eta bulegoetako langileak kalera atera dira gaur euren lan baldintzak duindu behar direla aldarrikatzeko. Kalejira zaratatsua egin dute Bilbon, Berastegi kaletik abiatuta. Izan ere, greba eguna dute gaurkoa, eta bihar eta etzi, maiatzaren 11 eta 12an jarraipena izango du negoziazio mahaiaren gehiengoa osatzen duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta.

Orain dela urte bat baino gehiago eratu zen Bizkaiko Garbikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eta ordutik patronalak eskaintza eskasak besterik ez ditu egin. Garbitzaileen egoerak, ordea, hobekuntza nabarmenak behar ditu. Bizkaiko langileen soldatak ez baitira 16.000 eurotara iristen, eta gehienek jardunaldi partzialak dituzte. Hori gutxi ez, eta bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, KPI inoiz baino puztuago dagoen arren.

Ondorioa garbia da: soldata arrakala. Gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin erkatuz gero, eraikinetako garbitzaileek %45 gutxiago irabazten dute. Hortaz, greba deitzaileek 1.200 euro x 15ko soldatak aldarrikatzen dituzte.

Gaurkoaren ondotik, biharko mobilizazioei dagokionez, Bilboko Erribera Merkatutik hasita, garbikuntzako prekarietatearen Free Tourra egingo dute turistaz mozorratuta, eta maiatzaren 12an, ostegunean, manifestazio nagusia Bilboko Deusto auzoko Lehendakarik Agirre kaletik Eusko Jaurlaritzaraino (Gran Vía, 85).