Bizkaiko garbikuntzak greba egingo du apirilaren 26, 27 eta maiatzaren 10, 11 eta 12an

2022/04/22
ELA, LAB eta ESK sindikatuek, CEBEKen atarian eskainitako prentsaurrekoan, greba egunak iragarri dituzte apirilerako eta maiatzerako. Zehazki, apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 10ean, 11n eta 12an egingo dira.

Hilabeteak dira sektorea mobilizatzen ari dela. Negoziazio mahaian patronala ez aurrera, ez atzera baita. Eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek, negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatuz, mobilizazioekin jarraitzea beste biderik ez dute ikusi.

Bizkaiko langileen urteko soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen eta askok eta askok lanaldi partzialekin dihardute. Soldata arrakala agerikoa da. Patronalak, ordea, ez du proposamenik egiten, eta inflazioak langileak are gehiago estutu arren, soldatak izoztuta jarraitzen dute; pandemian garbikuntza funtsezkoa dela begi bistan geratu arren. Hori dela eta, grebaren bidez sindikatuek 1.200 euro x 15eko soldatak aldarrikatzen dituzte.

Grebak eragina izango du garbikuntzako hitzarmena aplikatzen den lan zentrortan.

Greben ondotik patronalak ez badu inolako mugimendurik egiten, gehiago deituko dituzte sindikatuek.