Bizkaiko Ibaiak zerbitzuko Euleneko langileek greba bertan behera utzi dute soldata hobekuntza nabarmenak dituen akordioa lortu ostean
2022/05/19

URA Uraren Euskal Agentziak azpikontratatutako Eulen SA enpresako hamabost langileeak lanera itzuli dira, guztiak ELAkoak. Bizkaiko ibaiak garbitzen eta mantentzen lan egiten dute, eta soldata eta lan baldintzak hobetuko dituen akordioa lortu dute apirilaren lehenetik greba mugagabean egon ondotik.
Hainbat bileraren ondoren, honako hobekuntza jasotzen dituen akordioa lortu dute:
- Plus toxiko, nekagarri eta arriskutsua % 100ean aplikatzea, hau da, langile bakoitzari hilean 299 euroko soldata igoera, bere lanbide kategoria eta lanaldia edozein izanda ere.
- Kategoria profesionalen igoera plantillaren zati handi batentzat, eta horrek esan nahi du urtean 1.800 eurorainoko igoerak izango dituztela.
- Idatziz aitortzea zenbait baldintza onuragarriago daudela, hala nola langileen etxetik lantokira doazen enpresako ibilgailuak erabiltzea, zenbait kasutan egunero 200 km-tik gorako joan-etorriak egitea dakartenak; edo lanaldi erdia izatea medikuarengana joateko, azterketa ofizialak egiteko eta abar, horien iraupena edozein dela ere.
Hori guztia blindatu egin da greba amaierako akordioan jasotako baldintza horiek ez xurgatzeko eta ez konpentsatzeko klausularekin.