Bizkaiko kontserba eta gazitzaileen sektoreko greba jarraipen zabala izaten ari da

2006/09/05

Bizkaiko kontserba eta gazitzaileen sektoreko langileek uztailaren 17an hasi zuten greba mugagabea jarraipen zabala izaten ari da orain arte. Soilik langileen %16ak ez du bat egin ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebarekin. Sindikatu hauen ustez, datuek agerian uzten dute CCOOk eta patronalak gutxiengoan sinatutako akordioaren eraginkortasun eza.

ELA, LAB eta ESK-ko ordezkariek agerian utzi dute negoziatzeko duten borondatea, eta era berean Bizkaiko Cebek patronalari errealitatera lotutako proposamenak mahai gainean jartzeko deia luzatu diote. Era berean, sindikatuek sektore honen lan baldintzak duintzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa azaldu dute.

Greba hasi zenetik sei enpresentan akordioak lortu dira, nabarmenki hobetuz CCOOk Bizkaiko patronalarekin hitzartutako eragin mugatuko akordioa. Azken uneko akordio hauen ondoren 300 bat langilek jarraitzen dute greban Ondarroa eta Bermeon.

Kontserba eta gazitzaileen sektoreko langileentzako indarrean dagoen hitzarmena 2003. urtekoa da. Sindikatuek mahai gainean jarritako proposamenak aurtengo soldata Kontsumo Prezioen Indizea gehi %2,5 igotzea jasotzen du eta datorren urterako KPI gehi %2 aurreikusten du. Igoeraz gain, urteko lanaldia zazpiordu murrizteko eskatu dute.