Bizkaiko Metalak grebari eutsiko dio azaroaren 28tik abenduaren 2ra

2022/11/15
Bizkaiko Metalak azaroaren 28tik abenduaren 2ra deitutako grebari eutsiko dio patronalak ez duelako negoziatzeko borondaterik erakutsi azaroaren 15ean izandako negoziazio bileran. ELAk dio MLBFak aberastasuna modu justuan banatzen ez badu greba mugagabearen alde egingo duela. Hurrengo bilera azaroaren 21ean izango da.

Bizkaiko Metalak azaroaren 28tik abenduaren 2ra deitutako grebari eutsiko dio, patronalak ez duelako eduki nahikorik eskaini, gaur, azaroak 15, izandako negoziazio bileran. Bizkaiko Metalaren hitzarmena negoziatzeko hamazazpigarren bilera egin da gaur, eta bertan agerian geratu da sektoreko patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik, jarraitzen baitu Bizkaiko Metaleko langileen eskakizunei erantzun gabe. ELAk salatu du MLBFak ez duela proposamen berririk aurkeztu, eta negoziazioa bideratzeko beste aukera bat galdu duela. Hurrengo bilera azaroaren 21ean izango da. ELAk dio aberastasuna modu justuan banatzen ez bada greba mugagabearen alde egingo duela.

ELAren ustez patronala oso urrun dago oinarrizkoak diren eduki hauetatik:

KPIaren soldata igoerak indarraldiko urte bakoitzeko, taula eta soldata errealetan.
Subrogazioa beste azpisektore batzuetara zabaltzea.
Zortzi orduko lanaldi murrizketa.
ABLEen erabilera kontrolatzea.
Hitzarmena beteko dela bermatzea, nahitaezko arbitrajea saihestuz.